Kalean da otsaileko Txikitto! aldizkaria

Juan Antonio Mogel ikastolan egon gara 4. mailako ikasleekin aratosteei buruz berbetan
2025/02/24 17:07
eta kitto!

Aste honetan banatu dute TXIKITTO aldizkariaren 230. alea Eibarko ikastetxeetan LHko ikasleen artean (hemen daukazu PDF formatoan).

Mozorrotzeko sasoia iritsi da. Dantza, salto eta barre egiteko unea ere bai. Juan Antonio Mogel ikastolan egon gara 4. mailako ikasleekin aratosteei buruz berbetan eta argi laga digute eurei asko gustatzen zaizkiela egun hauek. Eskoletan mozorroak eta dantzak prestatzen ibili dira egun hauek behar bezala ospatzeko, baina hortik aparte ere inauteriez gozatuko du Uxue Alberdik, Bittor Unamunok, Iker Olañetak eta Jare Ezenarrok osatzen duen laukoteak. Beno, Jarek esan digu bera asteburuan ez dela egongo, eta Ikerrek ez digu bere mozorroa aurreratu nahi izan: “Sekretua da”, esan digu misteriotsu. Ziur aski, eurek bezala, herriko ume askok gozatuko du egun hauez: egueneko desfile eta erromeriaz, barixakuko Kaldereroen kalejiraz, zapatuko egun guztiko jaiaz, domekako playback lehiaketaz eta pena handiz emango diete agur jaiei martitzeneko Sardinaren Entierruan.

"Gure nagusiekin berbetan" atalean, Malika amama, Anir eta Aiur 8 eta 5 urteko ilobekin elkartu dugu Arrateko Andra Mari eskolan. Kontu kontari jardun dute hirurek, Txikitto!-k egin dizkien galderen inguruan.

Hori guztiaz gain, ikastetxeetako berriak, horoskopoa, Gabonetako egitaraua, ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. ...eta kitto! Euskara Elkarteak sustatuta, Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria. Egitasmoa partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago. ALDIZKARIAK DESKARGATZEKO  BIDEOAK IKUSTEKO