Kalean da Txikitto! hilabetekariaren azaroko alea

Amaña eskolako ikasleekin egon gara, eta natura izan da eurekin landu dugun gaia
2024/11/26 14:13
eta kitto!

Aste honetan banatuko da TXIKITTO aldizkariaren 227. alea, azaroko alea (hemen daukazu PDF formatoan).

“Ikasleekin berriketan” atalean, Amaña herri-eskolako Chadli Lamjafar Errami, Nerea Gonzalez De los Reyes, Yasmin Deza El Hafidi eta Nabil El Allali El Gabhalirekin egon gara eta natura izan da eurekin landu dugun gaia.Euretako batzuek naturaz gozatzez dute mendian ibiliz, hondartzara joanez, eta beste batzuek animaliekin egotea dute nahiago. Hori bai, animalia batzuek ez dituzte hain gustoko, eta batzuei beldurra ere badiete! Laukoteak, ostera, argi du natura zaintzeko lan egin behar dugula, etorkizunean ere naturaz gozatzeko aukera izan nahi dutelako. Eurekin grabatutako DIDA BATEAN atala ...eta kitto! Euskara Elkartearen  Tik Tok kanalean ikus daiteke. Ez galdu!, oso barregarria da-eta.

"GURE NAGUSIEKIN BERBETAN” atalean Arrate eta Elena amama-biloba elkartu ditugu oraingoan, Aldatze ikastetxean.

Hori guztiaz gain, ikastetxeetako berriak, Euskararen Eguneko informazioa, ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. ...eta kitto! Euskara Elkarteak sustatuta, Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria. Egitasmoa partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago. ALDIZKARIAK DESKARGATZEKO  BIDEOAK IKUSTEKO