Kalean da Txikitto! aldizkariaren otsaileko alea

Kalean da Txikitto! aldizkariaren otsaileko alea
2024/02/19 12:48
eta kitto!
Otsaileko Txikitto! aldizkaria kalean dago dagoeneko. Urtero egiten dugun bezala, aratosteei tarte bat eskaini diegu, eta aratosteak ospatu zituzten ikastetxeetako argazkiekin txoko bizi eta koloretsua prestatu dugu. PDFa hemen daukazue irakurgai.

Ikasleekin berriketan atalean, Iturburuko ikasleekin egon gara. Amets egitea librea da, eskerrak! Nork ez du amestu sendagile ospetsua dela, edo munduko futbolaririk onena, edo harakin bikaina, edo Tourra irabazi duen txirrindularia? Iturburuko ikasleek ere amets egiten dute eta amets horien zati bat kontatu digute, hain zuzen ere, hemendik urte batzuetara euren burua zelan eta zertan irudikatzen duten kontatu digute.
 


"Gure aitxitxa-amamekin berbetan" atalean Arrateko Andra Mariko Malen, Yara eta Ibai Romanek Julia Vazquez amama elkarrizketatu dute eta bere haurtzaroa ezagutzeko aukera izan dute horrela. Besteak beste, amamaren eta euren sasoiaren artean dauden ezberdintasunak zeintzuk diren ikusi ahal izan dute.

Hori guztiaz gain, aurrekoetan bezala, ikastetxeetako berriak,  ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina, eta beste hainbat atal aurkituko dituzue  Ziur  primeran pasatuko duzuela!

Txikitto! aldizkariko ale hau eta aurreko guztiak etakitto.eus-eko mediatekan dituzue eskuragai.