Kalean da urriko Txikitto! hilabetekaria

Berritasunekin dator 2024-25 ikasturteko lehen aldizkaria
2024/10/28 19:02
eta kitto!

Aste honetan banatuko da TXIKITTO aldizkariaren 226. alea, urriko alea (hemen daukazu PDF formatoan).

“Ikasleekin berriketan” atalean, Aldatze eskolako ikasleekin egon gara elikadurari buruz hitz egiteko. Bideoan agertzen diren ikasleak (Martin Gastesi, Paula Parada, Bruno Martinez eta Lucia Rodriguez) 3. mailako ikasleak dira. Jolas orduan harrapatu ditugu, hamaiketakoa jateko unerik aproposenean. Horrekin lotuta, aldizkarian Di-DA BATEAN atal berria sortu dugu: 4 ikasleek dida batean erantzun behar izan dute guk egindako galderen aurrean. Gainera, eta hau da beste berritasun bat, DIDA BATEAn atala ...eta kitto! Euskara Elkartearen  Tik Tok kanalean ikus daiteke. Ez galdu!, oso barregarria da-eta.

"GURE NAGUSIEKIN BERBETAN” atala ere aldatu dugu. Aurten, gaztetxoek aitxitxa edo amamari elkarrizketa egin beharrean, Txikitto!-k egingo die elkarrizketa biei eta galdera berei erantzun beharko diete biek. Oraingoan, Amama Mari Carmen eta Maren biloba elkartu ditugu San Andres ikastetxean. Bertan ikasten dihardu Marenek, 6. mailan.

Hori guztiaz gain, ikastetxeetako berriak, ikasleek egindako denborapasak, txisteak eta ipuina eta beste hainbat atal aurkituko dituzue.

Txikitto! aldizkaria irakurketa eta idazketa-trebetasunak lantzeko aldizkaria izateaz gain, ikastetxe-guraso-ikasle/seme-alaben arteko harremanak euskaraz izan eta ondo pasatzeko aukera ematen digun euskarri ezinhobea da. ...eta kitto! Euskara Elkarteak sustatuta, Ikasle eibartar guztiek HILERO eta DOAN ikastetxean bertan jasotzen dute aldizkaria. Egitasmoa partehartzaile eta irekia da: ikasle, irakasle eta gurasoen arteko elkarlanean oinarrituta dago. ALDIZKARIAK DESKARGATZEKO  BIDEOAK IKUSTEKO