Kaleetan Kantuz jaia zapatuan
Oporrak hartzeko ordua ailegatu zaie Kaleetan Kantuzekoei, baina aurretik, eta beste urte batzuetan egindakoaren bidetik, bihar (zapatua, ekainak 1) eguna jai giroan emango dute. Eibartarrekin batera, beste herri batzuetatik jaiarekin bat egitera animatu diren beste askok jardungo dute kantuan zein antolatutako beste jardueretan (izena emateko epea itxi aurretik 135 lagun zegoen izen-emanda). Biharko prestatu duten egitarauari 11.00etan ekingo diote, Untzagako jubilatu etxean, alkateak parte hartuko duten taldeei ongietorria emanda. Jarraian kantu-paperak emango dizkiete eta lagun bakoitzari ogitartekoa eta edaria banatuta, hamarretakoa amaitu eta jarraian, 12.00ak aldera abesbatzen kalejira hasiko da, herriko kaleetan zehar. 14.30etan, berriz, udaletxeko arkupeetan bazkaltzen hasteko asmoa dute. Jaiari 18.00ak aldera esango diote agur.