Karmele Jaio etorriko da etzi Eibarrera "Maitasun kapitala" liburuarekin
Idazlearekin Harixa Emoten irakurle taldearen saio horretan aukera egongo da egileari liburuari buruzko galderak edo iruzkinak egiteko. Ainhoa Aldazabalek zuzenduko du saioa. ...eta kitto! Euskara Elkartearekin elkarlanean antolatutako jarduera da honako hau. Saioa Juan San Martin Liburutegian izango da (Batzartoki 1-2), 19:00etatik aurrera.
Idazlea
Karmele Jaio Eiguren (Gasteiz, 1970). Hiru ipuin liburu –Hamabost zauri (Elkar, 2004), Zu bezain ahul (Elkar, 2007) eta Ez naiz ni (Elkar, 2012), hiru nobela –Amaren eskuak (Elkar, 2006) Musika airean ( Elkar, 2009), Aitaren etxea (Elkar, 2019) eta Maitasun kapitala (2023) –, eta poesia liburu bat –Orain hilak ditugu (2015,Elkar) argitaratu ditu. Amaren eskuak nobelaren ingelesezko itzulpenak, Her mother’s hands (Parthian Books), English PEN Translation Award saria jaso zuen eta Aitaren etxea nobelarekin 2019ko Euskadi Literatura Saria eta 111 Akademiaren sariak irabazi ditu, beste batzuen artean. Bere lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dira. Bere ipuinak Best European Fiction 2017, The Penguin book of Spanish short stories (Penguin Classics), eta beste hainbat antologietan argitaratu dira. Amaren eskuak nobelan oinarrituta, pelikula egin zuen Mireia Gabilondo zuzendariak (2013an aurkeztu zen Donostiako Zinemaldian) eta Ecografías ipuina antzerkirako moldatu zuen Ramón Barea zuzendariak 2010ean. Euskaltzain urgazle da 2015. urtetik.
Liburuaren sinopsia
Bere maitalea izandako Martinen hiletan dago Olga. Bertan gogoratzen du berarekin bizi izandako pasio sutsua, gizonak duela urtebete utzi zuen arte. Oroitzapenetan murgilduta, Martinekiko bere mendekotasun emozionalaz ohartzen da, eta horrek agerian uzten dio, bere burua emakume aske eta ahaldundutzat bazuen ere, maitasunarekin beti izan duen kontraesana. Aldi berean, tesi bat zuzentzen dabil Olga irakaslea, emakumeei maitasuna euren bizitzako erdigunea izaten erakutsi zaien moduan sakontzen duena, horretarako Artearen eta Literaturaren historiako zenbait lanetan oinarrituz. Pertsonaiek bizitako esperientziak eta bateko nahiz besteko artistek piztutako gogoetak tartekatuz, nobela anbiziotsu bat osatu du Karmele Jaiok, arin irakurtzen dena baina arrasto sakona uzten duena, nor bere buruari begira hausnarketara bultzatuz.