Karroza, mendeurrena eta jaiak handitasunez ospatzeko apainduta

Eibarko Margo Eskolak sortu du Klub Deportiboa omentzen duen danborradaren karroza
2024/06/21 12:35
eta kitto!

Leire Kareagak 27 urte daramatza danborradaren karroza egiten. “Urtean bi karroza egiten dira. Bata Gabonetan, Erregeen Kabalgatarako; eta bestea sanjuanetan”, azpimarratzen du. “Kabalgatan gai baten inguruan apaintzen dugu eta sanjuanetan omenduen inguruko lanketa egiten dugu. Urte hauetan guztietan herriko talde ugariren omenezko karrozak egin ditugu”, diosku Leirek. Lehen, Marina Barrenarekin egiten zuen lanketa eta orain Iratxe Unanue du bidelagun.

Aurtengo omendua Eibarko Klub Deportiboa izango da bere mendeurrenean, eta kluba osatzen duten batzordeak irudikatu nahi izan dituzte karrozan. “12 batzorde dira guztira eta 12ak ordezkatzen saiatu gara.

Ez da erraza izan denak elkarrekin ikusaraztea”, kontatu digu Iratxek. “Karrozak ikuspuntu ezberdinak dituela esan dezakegu”, zehaztu digu Leirek. “Alde batetik eta bestetik, batzordeak irudikatuta ikusi ahal izango dira. Hala nola, atletismoa, txirrindularitza, xakea, urpekoak, mendia, pilota, Kezka...”.

Sortzaileen berbetan, xehetasun asko dituen karroza izango da. “Agian, ibilbidean zehar zaila izango da zehaztasun guztiez jabetzea. Tontorrean Urkoko buzoia irudikatu dugu eta, hortik jaisten bagara, Urkoko gailurra eta koba ikusi ditzakegu (espeleologiari keinu eginez)”, diosku Leirek. Bere ustez, karroza dinamikoa da eta, “arina izan behar denez, material arinak erabiltzen ditugu (goma-aparra, polikarbonatoa...)”.

 

Umeekin elkarlanean

Nagusien danborradan ateratzeaz gain, hurrengo egunean egingo den umeen danborradan ere ikusi ahal izango dugu karroza. “Denen gustukoa izatea espero dugu”, diosku bikoteak. Gainera, azpimarratu dute Udal Margo Eskolako zenbait ikasle gaztek ere parte hartu dutela karrozaren sorkuntzan. “Pieza batzuk egin dituzte eta bitxia gelditzen da”, Leireren berbetan. “Gure Instagrameko kontuan (@eibarkomargoeskola) erakutsiko dugu umeek nolako lana egin duten. Lan polita da eurentzat. Izan ere, plantillak eta eskalak nola egiten diren, hiru dimentsiotako piezak nola muntatzen diren eta materialak nola birziklatzen ditugun ikasten dute. Urte batetik bestera materiala birziklatzen dugulako”.

Sortzaileek azaldu digutenez, piezak handiak izaten dira, “altueran 4 metro ingurukoak”. Dena dela, eurek are handiagoak izatea nahiko lukete. “Tamaina bikoiztea nahiko genuke, dotoreagoak izango liratekeelako, baina Eibarko kale estuek ez dute horretarako aukerarik ematen”, aipatzen du Leirek. “Gainera, kontuan eduki behar da umeen danborradan karrozan haurrak doazela eta, oso pieza handiak eginez gero, umeak ez genituzkeela ikusiko".