Kirmen Uribe, idazlea: “Une honetan behar nuen liburua da `Mussche´”
- Zer eskaintzen dute irakurketa-klubak zure ustez? Idazleoi zer aportatzen dizuete?
Parte-hartzea eskaintzen dute, batez ere. Betidanik izan dira: Etxepareren “Linguae Vasconium Primitiae” ez da bakoitzak bere etxera eramateko liburua, baizik eta eztabaidatzeko aukera ematen duena. Gaur egun ere, horrelako partekatze lanek, hainbat alderdi eta gairen inguruan berba egiteko aukera ematen dutenez, beharrezkoak dira. Idazleok ere asko dugu irabazteko, irakurtzeko mila modu daudelako: horretaz jabetzen gara. Behin irakurlea onartuta, berak asko laguntzen dizu hurrengo libururako. Nik, esaterako, e-mail asko jasotzen ditut, irakurlea nire gain egiteraino.
- `Mussche´ liburuan gure historiako zati bat azaleratzen duzu. Inbestigazio lan handia eskatu dizu?
Nahi nuena da benetako pertsona bati buruz idaztea. Haren gauza batzuk ezagutzen nituen eta zituen hutsuneak betetzen saiatu naiz. Gerra aurreko urteetan murgildu naiz gehienik eta behin baino gehiagotan joan behar izan naiz Flandesera, Gantera... Gero, bi hilabetez izan nintzen San Frantziskon eta han idatzi nuen liburua.
- Askotan joan ohi zara San Frantziskora? Zer dela-eta?
Denetarik dago: baditut han irakurleak; lan kontuagatik ere bai, hitzaldiak eta halakoak ematen baititut. Koadrilakoek oporretan Indiara joaten diren moduan, nik hara jotzen dut.
- `Musschek´ zalantzak baino gehiago, kuriosidadea piztuko du jendearengan akaso?
Lan hunkigarria da, oso. Harrapatu egiten zaitu, eta eraman, pertsonalitate handia baitu. Jendeak bizi eta sentitu egiten du. Aproposa honako krisi garaiotan irakurtzeko. Lurretik datorren lana da, amorrutik sortutakoa. Momentu honetan behar nuen liburua, azken finean, estilismoa eta halakoak baztertuta. Ondo pasatuko dugu irakurketa-klubean: denetariko irakurleak espero ditut, ez naiz-eta eliteen zalea.