Kirol Patronatuak www.eibarkirola.com webgune berria aurkeztu du

Kirol Patronatuak www.eibarkirola.com webgune berria aurkeztu du
2014/04/29 00:00
eta kitto!

Gaur (martitzena, hilak 29) goizean aurkeztu dute www.eibarkirola.com webgunea udaletxean. Kirol Patronatuko Felipe Zamakolak azaldu duenez, "lehen martxan zegoen webgunea erabat zaharkitua zegoen eta herritar askok bestelako webgune berria eskatzen zegoela sentitzen genuen. Horregatik, Sostoa inprentari gune berria sortzeko eskatu genion eta jende askoren ahalegin eta lanari esker gaur aurkezten dugun webgunea martxan ipini dugu". Webgune berriak, besteak beste, Kirol Patronatuarekin lotutako tramiteak internet bidez egitea ahalbidetzen du eta gaur egun erabiltzen diren gailueri egokituta dago.
Aurkezpenean azaldutakoaren arabera, "abantaila nagusienetakoa kirol edo jarduera jakin batzuetan izena emateko klik bi egitea nahikoa dela da. Begietatik sartzen den webgunea da, grafikoa, oso diseinu modernoarekin, operatiboa eta erraz erabiltzeko modukoa. Horrekin batera, herritarren iradokizunei irekia dago eta bilakaera etengabea duen orrialdea da". Orrialde nagusiak sei gune ezberdinetara sartzeko aukera ematen du. Lehen atalak, Eibar kirol txartela izenekoak abonu txartelaren ezaugarriak eta horren onurak azaltzen ditu. Bigarren atalak Patronatuaren instalazioak erakusten ditu (Ipurua eta Orbea kiroldegiak; Unbe kirolgunea eta Astelena frontoia), bakoitzaren ezaugarriekin eta instalazio bakoitzean eskaintzen diren zerbitzu eta bestelakoen berri emanez. Aktibitateak atalean Patronatuak duen eskaintza osoa arloka eta instalazioka zehazten da (ordutegia eta izena emateko modua barne). Orrialdeak bilatzaile bat du eta bilatu nahi diren jarduerak iragazteko aukera ere ematen du (uretakoak, areto barrukoak edo kirol instalazio bakoitzekoak). Zerbitzuak atalean zerbitzu osagarriak ematen dituzte ezagutzera (kirol medikuntza, spa zirkuitoak, osasuna eta estetika, solariuma eta masajea eta saunak). Harremanetarako bide ezberdinak jasotzen ditu bosgarren atalak. Eta Berriak atalean Kirol Patronatuaren jarduerarekin lotutako informazioak edo oharrak jasoko dituzte.