Klub Deportiboak 2026ko mendi-irteeren egutegia jakitera eman du
Urkora egin zuten ibilaldiarekin urteko lehen saioa urteko lehen egunean egin bazuten ere, Eibarko Klub Deportiboko Mendi Batzordeak 2026ko mendi-irteeren egutegia jakitera eman du.
Guztira 22 txango egingo dituzte, 16 egun bakarrekoak eta sei bi egun edo gehiagoko iraupenarekin, eta mota eta maila guztietako mendizaleentzako ibilaldiak eskaintzen saiatu dira.
Azken urteotan bezala, Morkaiko mendi-taldearekin zenbait mendi-ibilaldi egingo dituzte, eta Garagunerekin informazioaren zabalkundeak kolaboratuko dute.
‘Hartzaren urratsak’ eta ‘Trabukoren bidea’
Iaz ‘Herri txikiak’ egitasmoak izandako arrakasta ikusita, 2026an ere “irisgarritasun izpiritua gorde nahi izan dugu”, eurek diotenez, eta gaia aldatuz, ‘Hartzaren urratsak’ eta ‘Trabukoren ibilbidea’ izeneko zeharkaldiak jarriko dituzte martxan.
‘Hartzaren urratsak’ delakoak bost etapa izango ditu eta Deba Garaian zehar egingo da. Horren bitartez, hartzen bizilekuak ezagutzeko aukera egongo da, “zeinetan aspaldi baten gure arbasoek arpe, haitzulo eta landa zabal partekatu baitzituzten beraiekin”, diotenez. Ibilbidea Angiozarretik igaroko da, “non Gipuzkoako azken hartza ehiztatu zuten 1867an”. Gainera, Arrikrutz eta Leze Txiki kobazuloetara hurbiltzeko bideak ezagutuko dituzte, “non leize-hartzen aztarna ugari aurkitu izan diren”.
‘Trabukoren bidea’ zeharkaldiarekin Nafarroara joko dute XVII. mendean toki haietan jardun zuten gaizkile taldea gogoratzeko, kanten bidez Mikel Laboak ezagutarazi zituen bertso haiek oroituz: “Goizuetan bada gizon bat deritzo Trabuko”. Horrela, Deporreko mendizaleak Goizueta, Leitza, Larunbe eta Latasa inguruan ibiliko dira Munagirre, Mendibil, Ireber eta Erga bezalako mendiak gaindituz.
Zeharkaldi horiez gain, zenbait zapatutan irteera bitxiak ere egingo dituzte. Hala nola, haitzulo batera edo urteari amaiera emateko irteera (sagardotegian egindako bazkariarekin errematatuz).
Egun batetik gora
Esan bezala, urteko sei txangok bi egun edo gehiagoko iraupena izango dute. Aste Santuan, adibidez, Catalunya iparraldera joko dute bost egunetan ibilaldiak egiteko, apirilaren 2tik 6ra.
Urriko zubian, bestalde, Redes-ko erreserba naturalera joko dute, hiru eguneko irteera egiteko.
Hiru asteburutan Pirinioetara joango dira. Ekainean, Gabardito – Arlet – Ozako Oihana egingo dute; uztailean, Punda de la Faixa – Gran Facha (3.005 m) – Wallon aterpetxea; eta irailean, Gorreta d’ Os Gabachos (2.268 m).
Mendiko eskiak ere izango du tokia Deporren mendi-irteeren egutegian, eta martxoan bi eguneko irteera egingo dute.