Klub Deportiboko argazkilariek Argazkilaritza Maiatzean-eko egitaraua aurkeztu dute dagoeneko
Aurreko asteko eguenean aurkeztu zuten Klub Deportiboko argazkilaritza batzordekoek aurtengo programazioa. Betiko lez, estatu mailako argazkilari onenen lanak izango dira ikusgai herriko hainbat tokitan, hasi Portalean erakusgai jarriko dituzten lau egileenekin eta Eibarko beste zenbait puntutan izango direnekin jarraitzeko. Horrez gain, ez dira faltako betiko topaketak kalean, argazkilaritza-tailerra eta argazki rallya. Eta, jakina, Deportiboaren 100. urteurrena izanda, Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkartearen Kongresua ere gurean izango da.
Aurkezpen-ekitaldian, Fernando Solana batzordeko presidente berriak bere aurretik karguan urte askotan izan den Bakarne Elejalderen lana azpimarratu zuen. Maiatzaren 3tik 26ra arteko iraupena izango du aurtengo Argazkilaritza Maiatzean-eko egitarauak. Hilaren 3an Portaleako erakusketaren irekiera izango da, 19:00etan. Hilaren 4an kaleko topaketen txanda izango da. Hilaren 11n Portaleak aipatutako EHATE Kongresua hartuko du. Hilaren 18an “Anatomía de una foto” tailer berezia eskainiko du Tino Sorianok eskainiko du; plaza mugatuak izango dira eta izena argazkilaritza@deporeibar.com helbidean eman behar da. Hilaren 26an argazki rallya egingo da, goizez, 08:30etik 13:30era.
Erakusketak Topalekun, Portalea tabernan, Untzaga Gizarte Etxean eta Klub Deportiboan izango dira, lau egileen lanak jasoko dituen Portalearekin batera.