Klub Deportiboko mendizaleak Alegiatik Bidaniara joan ziren zapatuan

Herri Txikiak arloko irteera egin zuten Deporrekoek, 14,6 km-ko distantzia eginez
2025/11/25 16:04
Ekhi Belar

Alegiatik Bidaniarainokoa egin zuten Eibarko Klub Deportiboko mendizaleek zapatuan, azaroak 22, eta honako kronika bidali digute Antxon Narbaizaren eskutik:

"Aurreko egunetako elur, euri eta txingorren ondoren, zorionez, eguraldiak opari ederra egin digu eta, behelainoa aurrenik, eta,  eguzki ederra gero, gauza da zeharkaldi atsegina burutu dugula inor gutxik espero ez zuen egunean.
Alegiatik aldaz gora xuta izan dugu Iruntxur tontorraren igoerari ekin aurretik: lau kilometro gora eta behera egin ondoren, gorantz hasi gara zuzen zazpigarren kilometroan Gipuzkoako PR-74arekin lotuz. Bederatzi kilometro pasa ondoren Iruntxurren gailurrera iritsi gara, Ondare historia-aurrekoa handia da mendi honetan, burdin harokoa, hain zuzen. 763 metro jartzen du bere buzoi berrian, guri baina hogei metro gutxiago markatzen digu GPSak. Adimen Artifizialak konpontzeko arazoa, seguruenik. Bertatik ikuspegi bikaina Aralar mendiserrarantz, batez ere: dena zuri, dena eder. Goitik beherakoa, pinudi eta pagadi artean joan da,  tartean gorosti gazte sailak begiztatu ditugula. Azken lau kilometroak errepide gainean egin behar dira, guk bide paralelo bat hartu dugu, helmugatik pare bat kilometro lehenago, autoen trafikoa saihesteko. Halako batean, Bidaniako haran zabala miretsi dugu gure begien aurrean, elur zuri eta zelai berde, eguzkia lekuko, iritsiera atsegina izan dugularik herrira. Hamasei kilometro inguru izan dira".