KOKEIN: “Beti gaude bata bestearengandik hurbil, horrek egin gaitu familia eta lagun”

Bihar zuzenekoa eskainiko du talde eibartarrak, eta San Juan bezperan omenaldia jasoko du 25 urteko ibilbideagatik
2025/06/19 16:30
eta kitto!

San Juan jaiak biziki ospatuko dituzte Kokein talde eibartarraren kideek. Bihar, 21:30ean, kontzertua eskainiko dute Untzagan; eta 23an, dultzaineroekin kalejira egin ondoren, txupinazoa botako dute, iluntzean San Juan sua piztu aurretik. Izan ere, taldeak 25 urte bete ditu eta merezitako omenaldia jasoko du.

Legarreko musika lokala bigarren etxea da Zaloa Urain, Haritz Lete, Jatsu Argarate, Iker Saenz de Zaitegi eta Edu Arginoniz Kokein taldeko kideentzat, eta bertan elkartu gara eurekin, gaurko kontzertuaren aurretik egindako azken entseguan. Egia esan, azken aldian hainbat kontzertu eskaini dituzte eta joteko prest daude, baina gaurkoa ikuskizun berezia izango da.

(Argazkia: Eider Iturriaga)

 

Demaseko Sanjuanak dituzue aurretik. Jaietarako prest?

ZALOA: Nahiko urduri gaude, baina zentzu onean. Eskertuak sentitzen gara. Konturatzen gara gure meritua izan dela eta oso pozik gaude 25 urtez elkar egoteaz. Eibarren horrelako ospakizun bat egitea eta Untzagan Sanjuanetan jotzea gustora hartzen da. Barrenean nolabaiteko mugimendua eragiten digu.

HARITZ: Erosoago sentituko gara kontzertuan omenaldian baino (barreak).

Eroso sentitzen zareten tokian hasiko dituzue jaiak, eszenatoki gainean, baina Eibarko Sanjuanetan izanda, kontzertu berezia izango da?

HARITZ: Gure abestiekin etorriko gara, baina bai egin dugu apustua ikuskizunaren aldetik plus bat emateko. Adibidez, beste argi batzuk eta bestelako gauzatxoak jarriz. Egun berezia izanda, ikuskizun bereziagoa izatea nahi dugu, ez dugu egun arrunta izatea nahi.

Zuentzat ez da lehen aldia Sanjuanetan jotzen, txosnetan ere aritu zaretelako, baina gaurkoa beste kontu bat izango da?

ZALOA: Baietz uste dut. Egia da guk berdin joko dugula toki guztietan, Untzagan zein txosnetan, baina giroa eta ikustera joango den jendea ezberdinak izan daitezke. Gure jarrera berdina izango da. Hau dakigu egiten, hau maite dugu eta hau erakusten dugu. Tokiak badu zerikusia, baina gehiago jendearen aldetik guretik baino, espero.

Gero etorriko dira San Juan bezperako omenaldiak. Hor bai egongo zarete konfort-zonatik kanpo?

JATSU: Arrisku handia dugu! Agian ...eta kitto!-koek ez duzue ondo pentsatu sua pizteko ardura guri ematerakoan (barreak).

ZALOA: Ez dira guretzat toki erosoenak, ez dira hain seguru sentitzen garen espazioak, baina Udalaren, ...eta kitto!-ren eta jendearen aldetik omenaldi hauek jasotzea polita da.

25 urteko ibilbidea egin du Kokeinek. “Bizitza osoa”, Sanjuanetako liburuan diozuen moduan...

JATSU: Osoa ez dakit, baina erdia baino gehiago bai.

Ez dakit atzera begira jartzen zareten, baina eginez gero, zer sentitzen duzue?

HARITZ: Ez gara larregi jartzen atzera begira. Beti gogoratzen ditugu pasatako istorioak, baina aldi berean aurrera begiratzen dugu. Azken diskoan abesti berriak sartu ditugu, nahiz eta zenbait laguni gure abesti zaharren bertsioak eskatu, eta beti gaude gauza berriak sortzen eta aurrerapausoak ematen. Lokal honetan daramagu hasieratik, badira urteak, eta agian pareta hauek guk baino gehiago kontatu dezakete.

ZALOA: Ez gara oso nostalgia zaleak. Horrek ez du esan nahi ez dugunik gogoratzen elkarrekin pasa ditugun gauza guztiak. Batzuk oso goxoak izan dira eta beste batzuk beharbada gogorragoak, baina horrek egin gaitu gaur egun garenak. Ez dugu uste aurreko garaiak oraingoak baino hobeak izan direnik.

“Familia bihurtu ginen aspaldi”, diozue baita ere liburuxkan. Nolako familia da Kokein?

ZALOA: Gertukoa. Gertukoak sentitzen ditut, elkar zaintzen dugu urte askoan. Horrek ez du esan nahi batzuetan gure artean gauza ezberdinak egon ez direnik, egon behar direlako.

IKER: Egunerokotasunari eutsi diogu, bata bestearen alboan. Intentsitate gehiagorekin edo gutxiagorekin, beti gaude bata bestearengandik hurbil, eta hurbil egote horrek familia eta lagun egiten gaitu.

ZALOA: Badago ba jendea gertu sentitzen duzunean etxean egongo balitz bezala sentitzen zarela, goxo zaudela bezala, eta edozer gauza gertatzen dena ere, gertatzen den horrekin babesa sentitzen duzula. Sentsazio hori dut eta niretzat hori da familia izatearen zentzua.

Esan bezala, azkenengo diskoan lagunek ere hartu dute parte. Urte hauetan sortu duzuen lagunartea ere garrantzitsua da?

HARITZ: Familia hemen hasten da, baina zabaldu egiten da. Jendearekin kointziditzen duzu interes berdinak dituzulako eta gauza asko partekatzen dituzulako, eta hortik hasita, gau asko pasa ditugu elkarrekin, momentu asko, eta familia handitzen doa. Lehengusuak direla esan dezakegu (barreak).