Koko-dantzak, Eguen Zurixari atia zabaltzen

Koko-dantzak, Eguen Zurixari atia zabaltzen
2013/02/01 00:00
eta kitto!

Nafarroan joaldunak egindako moduan, gurian koko-dantzarixak eta koko-marruen konparsak iragartzen deskuez ate-joka dittugun Aratostiak. Eta bixar bertan izango dira koko-dantzari eta koko-marruak gurian bisitan, goizian basarrixetan eta illuntzixan herriko kalietan. Aurten koko-dantzak Mandiola eta Gorosta aldian ibilliko dira, goiz partian Azittaiñ eta Matsarixako industrialdian daguazen basarrixetan (Eskaregi, Agarre, Azaldegi, Nagiorbe, Azpiri, Arlaban, Asolagaineko…), Mandiolara aillegau arte. Hortik gora jarraittuko dabe, Santa Kurutz aldera eta inguruan daguazen Iturrao, Gisasola eta abarretara. Kezka dantza taldekuak azaldu deskuenez, "Arraterako errepidetik juanda daguazen basarrixetara be juateko asmua daukagu: Milaflores aldekuak, Iturburu gaiñeko Amezabalegi aldekuak, Pagaegi ingurukuak, Ixua, Usartza eta Akondia, Pagola, Altzaga eta Berretxinak".
 Guztira 30 bat basarri izango dira eta, danetara illundu baiño lehen aillegatzeko, talde bittan antolatuko dira koko-dantzari eta koko-marruak: "Talde batek ixa ibilbide osua oiñez egingo dau. Talde bixen artian 50 bat lagun ibilliko dira basarririk basarri koko-dantzan eta koko-eskian".
Illuntzian, urteroko martxari jarraittuta, Eibarko kalietan segiduko dabe jaixarekin. Arratsaldeko 19.00etan anbulatorixo pareko parkian alkartuko dira koko-dantzari eta koko-marru guztiak: "Han Mauxitxa txarangakuak zaiñ eukiko dittugu eta, basarrixetan ibillittakueri beste hainbat koko-marru, masusta eta koko-moko batuko jakuez. Izan be, illuntzeko deialdixa irekixa da, nahi daben jende guztiak izango dau parte hartzeko aukeria. Kezkatik nahi daben guztiak koko-jantzi eta Aratostietaz eta festaz gozatzera gonbidatu nahi dittugu".
Herri-barruko koko-dantzak 19.00etan hasi eta 21.00ak aldera amaittuko dira eta Toribio Etxebarria, Zuloagatarren, Untzaga eta Fermin Calbeton kalietan jardungo dabe dantzari eta konparsak. Aurten, gaiñera, azken martitzen bixetan entsegu irekixak egin dittue Kezkakuak, koko-dantzak ikastera animau diranekin eta bestela be Kezkako dantzarixak koko-dantzak preparatzen emon dittue azken astiak. Euren berbetan, "aurreko batian Toribio Etxeberriaren aipu batekin akordau giñan: 'Aratostietarako, makilla-dantzia ikasten dabiz gazte mordo bat'. Politta begittandu jakun 80 urte baiño gehixago pasau eta gero Eibarren atzera be gazte mordo bat Aratostietarako makilla-dantzia ikasten dabillela".


Koko-dantzak Elgoibarrera


Eibarren ez eze, aurten Elgoibarren be eukiko dabe koko-dantzekin gozatzeko aukerarik. Izan be, Haritz dantzari taldiaren 40. urteurrena dala eta, koko-dantzak Elgoibarko kalietan eskinduko dittue datorren asteburuan, otsaillaren 9xan 19.00etatik aurrera: "Kezkako taldetxo batek hartuko dau parte bertan, baiña batez be Haritz dantzari taldeko dantzarixak gorpuztuko dittue koko-dantzari eta koko-marru gehixenak. Eibarko moduan, Elgoibarren be Mauxitxa txarangakuak ipiñiko detse musikia koko-dantzeri. Otsailaren 9an, larunbatean, arratsaldeko 19.00etatik aurrera izango dira koko-dantzak Elgoibarren.


Eguen Zurixan umiak nabarmen
Aratostietako lehelengo eguna, baiña, datorren astian ospatuko dogun Eguen Zuri eguna (otsaillak 7)izango da. Eskoletako taldien kalejirak bazkalostian, 15.30xak aldera hasiko dira eta, hórrek amaittuta, 17.00etan Untzagan dantzaldixa  hasiko da Lisker taldiaren eskutik. Ordu berian hasiko da Urkizutik Untzagara bittarteko kalejiria, Jainaga eta Narbaizarekin. Eta 19.00ak arte Untzagan taillarrak egongo dira martxan, Astixarekin (animalixen karetak eta makillaje eta osagarrixak egittekuak).

Kaldereruak Barixaku Erregularrian
Barixaku Erregularrak, barriz, Aratostietako asteburu luziari ekingo detsa illuntzixan: 20.00etan Urkizun hasi eta Untzagaraiño kalejiran juango dira Kaldereruak. Kalejiran parte hartzen Kezka Dantza Taldia, …eta kitto! Euskara Elkartea, Txolarte, Ustekabe fanfarrea, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako trikitilarixak, Lagun Taldea, Untzagako jubilau etxekuen abesbatza, Kaleetan Kantuz eta Jainagaren trikitixa eskolakuak izango dira. Kalejiria amaittuta, Untzagan Kaldereruak abestixak eta dantzak eskinduko dittue eta Aratostietako pregoia be orduan botako dabe. Eta 23.00etatik aurrera herriko hainbat DJ-k emanaldixa eskinduko dabe. Hortik aurrera eta martitzenian sardiñaren entierro txikixa egiñ arte segiduko dau jaixak, jakiña, baiña antolatutako programaziño zihetzaren barri hurrengo asteko aldizkarixan emongo detsuegu.