Koko-dantzariak Otaola-Kiñarrako baserrietara bisitan joango dira zapatuan

Koko-dantzariak Otaola-Kiñarrako baserrietara bisitan joango dira zapatuan
2015/02/06 00:00
eta kitto!

Goizeko 08.30ean Merkatu Plazan egingo du lehen agerraldia koko-dantzen konpartsak, hango postuetan dauden baserritarren aurrean. Ondoren, aurreko urteetan bezala, bi taldetan banatuko dira: "Batzuk Txontatik gorako bidea egingo dute oinez eta Mertxete, Iraegi, Areta eta Aretabeletxe baserriak izango dira lehenengo geltokiak. Hortik, mendi-pista bat hartu eta Altamira-erdikoa baserrira joango dira. Bertan egingo dugu topo bigarren taldearekin eta hortik aurrera denek elkarrekin jarraituko dugu". Bien bitartean, bigarren taldeak Sautxitik gora, Iragorri baserrian egingo du lehen dantza saioa. Eta Iragorritik bidean aurrera eginda, Azitain aldeko Loiola, Egiguren, Ixkue, Azitaingo erretegia eta Txopen baserrietan geldituko dira. Altamira-erdikora ailegatu baino lehen Otaolaerdikoa eta Ipurua baserrietan ere geldituko dira.
Kezkatik azaldu dutenez, "bi taldeak Altamira-erdikora ailegatzen garenean, bertan dantza egin eta oinez jarraituko dugu ibilbidea. Urki aldeko Altamira-behekoa eta Kantina baserriak bisitatuko ditugu ondoren eta, amaitzeko, Txonta aldera joango gara denak bat eginda. Han Lekamendi, Urkiditorre eta Bolingua baserrietan gelditu eta azken horrekin amaituko dugu lana".
Koko-festa, baserrietatik kalera
Urtero lez, egunaren zatirik handiena baserri batetik bestera geratu barik ibiliko badira ere, iluntzean herriko erdialdean kalejiran ibiltzeko indartsu eta umoretsu egotea espero dute, 19.00etan anbulategiko parkean batu eta kalejiran ibiltzeko asmoa dute eta: "Parkean elkartuko gara koko-konpartsa eta koko-festan parte hartu nahi duten guztiak, eta Mauxitxa txarangak lagunduta erdialdeko kaleetan ibiliko gara. Ekitaldi hau irekia da eta parte hartu nahi duten guztiak gonbidatu nahi ditugu koko-jantzi eta festan gurekin bat egitera". 21.00ak arte Toribio Etxebarria, Untzaga eta Calbeton inguruan ibiliko dira.
Eguen Zuri
Biharko ekitaldia datorren astean ospatuko den Eguen Zurirako girotzen joateko primerako ariketa izango da, gainera. Izan ere, datorren asteko eguenean herriko ikasleak izango dira protagonista, bazkalostean egingo dituzten kalejira eta jaialdiekin. 17.00etan Jainaga eta Narbaizarekin kalejira egingo da, Urkizutik Untzagaraino. Eta ordu beran hasiko da Liskerren dantzaldia, plazan ipinita dagoen karparen barruan. 19.00ak arte, gainera, Astixak umeendako tailerrak (ipuinetako pertsonaien karetak, makillajea eta osagarriak) eskainiko ditu Untzagan.