Koko-dantzek Italiako Aratosteak gerturatuko dizkigute zapatuan
Gaur zapatua, bosgarren urtez jarraian, Aratosteen aurrerapena ekarriko digute Kezka dantza taldekoek koko-marruen kalejirarekin. Aurten, gainera, eibartarrek Italiatik, Rocca Grimaldatik etorritako taldearen laguntza izango dute. Euren eskutik La Lacheran ospatzen duten inauteriaren zati bat bertatik bertara, herritik alde egin barik jasotzeko aukera paregabea izango dugu.
Goizean goiz, 08.30etan egin dute lehenengo agerraldia koko-dantzariek Merkatu Plazan,
bertan dauden baserritar eta gainontzeko guztientzat eta hango
erakustaldia amaituta, 09.00ak aldera ekin diote baserririk baserriko
kuestazioari. Aurreko lau urteotako kalejiretan Eibarko baserri-auzo
guztien itzulia osatu eta gero, aurten buelta berria hasiko dute koko-
dantzari eta koko-marruek, atzera ere Arrate-balletik hasita. Kalejira 16.00ak aldera amaitzea espero dute eta, atseden piskat hartu ondoren, 19.00etan herri barruan beste erakustaldi bat eskainiko dute, kalejiran: koko-dantzak eta Rocca Grimaldako La Lachera inauteria erakusteko dantzak Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga eta Fermin Calbetón kaleetan eskainiko dituzte, 21.00ak bitartean, Elgoibarko Mauxitxa txarangak lagunduta.
Eibar eta Rocca Grimalda artean 1.000 kilometro egon arren, Kezkakoen berbetan, "harrigarria da Aratoste bien artean dauden antzekotasunak ikustea. Europako Aratoste zaharren arrastoa antzeman daiteke La Lacheran, eta horrek bat egiten du Eibarko koko-dantzetan erakusten dugun Aratoste moetarekin".
Zapatu arratsaldeko kalejirari ekin aurretik, 19.00etan anbulategiko parkean batuko dira koko-marruak, koko-dantzariak eta La Lacherako mozorroak eta Kezka dantza taldekoek gonbidapen zabala egin nahi diete herritar guztiei, eurekin bat egin eta kalejiran parte har dezaten: "Egin beharreko gauza bakarra koko-janztea da, mozorrotzea, etxeko trapu zaharrak hartu eta inork ez ezagutzeko moduan jantzita. Hori egin eta ondo pasatzera etorri, besterik ez da egin behar".
Kezka dantza taldekoek, bestalde, italiarrei bisita bueltatuko diete otsailaren 12an: eibartarrek Piamonteko eskualderaino eramango dituzte Eibarko koko-dantzak hurrengo asteburuko domekan, Rocca Grimaldan orduan egingo den kalejiran parte hartuta.