KOLDO ZUAZO: “Gaurko euskalkiak Erdi Aroan sortutakoak dira”
-'Uztaro' aldizkarian "Euskara Araban" ikerketa kaleratu zenuen, 'Arabarrak Euskararen Herrian' liburua ere idatzi zenuen... Orain 'Arabako euskara' liburua kaleratu duzu. Aldatu egin da Arabako euskararen gainean zeneukan ustea lehen liburutik azkenera pasa den denbora honetan? Horrela bada, zerk bultzatu zaitu hori horrela izatera?
1989an idatzi nuen Arabako euskararen gaineko lehenengo artikulua eta gauza asko aldatu dira ordutik hona. Hasteko, Arabako hiru izkribu ezagutzen ziren orduan: Landucci italiarraren hiztegia (1562koa), Joan Betolatzaren dotrina (1596koa) eta Joan Bautista Gamizen bertsoak (XVIII. mendekoak). Orain, ostera, beste bi ere ezagutzen ditugu: Julian Garzia de Albenizen itzulpena (XVIII. mendekoa) eta Lazarragaren literatura lana (XVI. mendearen erdialdekoa). Arabako euskararen ikuspegi sakonagoa eta zabalagoa daukagu orain, ze, gainera, bost izkribu horiek bakoitza leku batekoak dira.
Bestalde, euskara bera ere hobeto ezagutzen dugu. Denbora gutxian asko aurreratu da euskalkien gaineko azterketan. Eta, azken batean, horrek guztiak ekarri du Arabako euskarari beste begiratu bat ematea.
-Nolakoa izan da 'Arabako euskara' liburua idazteko prozesua?
Alde batetik, esandako bost izkribu horiek goitik behera eta astiro-astiro aztertu ditut, eta horko datuekin gauza bi egin ditut: alde batetik, Arabako euskararen gramatika bat eta, bestetik, hiztegi bat. Orain arte pentsaezina zen holako gauza bat egitea, oso gauza gutxi genekielako Arabako euskararen gainean. Horixe da, beraz, liburuaren nobedade handienetako bat.
Hori egin eta gero, Gerardo Lopez de Gereñuk XX. mendean egin zuen hiztegia aztertu nuen. Araban erabiltzen ziren hitz bereziak bildu zituen Gereñuk eta horietako asko euskarazkoak dira. Euskarazko horiekin zerrenda bat osatu eta arabar zenbaiti pasatu nien, ea gaur egun ere bizirik ote zeuden ikusteko eta, bide batez, ia besteren batzuk ezagutzen ote zituzten galdetzeko. Eta horrela osatu dut gaur egun Arabako erdaran bizirik irauten duten hitz euskaldunen zerrenda luze bat.
-Arabako euskara Bizkaikoaren adar hutsa ala euskalki beregaina zen eztabaida egon izan da orain arte, baina zuk beste tesi berritzaile bat erakusten duzu liburu honetan: mendebaldeko euskararen (Bizkaiera) ardatza Araban dagoela. Azaldu zenezake hori berba (edo esaldi) gutxitan?
Urte asko eman ditut Araba ondoko berbetak aztertzen: Deba ibarrekoa, Goierrikoa eta Burundakoa (Altsasu ingurukoa), eta, hain zuzen, hortik etorri zait argia. Hiru urte eman ditut Urdiainen (Burundan) eta herri horretako euskaran mendebaleko ezaugarri asko daude. Beti uste izan dugu Bizkaitik joango zirela hara, baina zaila egiten da Bizkaitik Burundara ezer joatea eta, askozaz zailagoa, Ameskoa eta Lana ibarretara joatea. Aldiz, euskalkiaren ardatza Araban dagoela uste badugu, zentzuzkoagoa agertzen da Nafarroako hiru eskualde horietan mendebaleko ezaugarriak egotea. Eta Goierrin mendebaleko ezaugarriak topatzea ere errazago azaltzen da Arabatik joan direla esaten badugu: Goierrik ez du eduki Bizkaiarekin hartu-emanik, baina bai, eta estua, Arabarekin.
Arabako aukera ikusi nuenean, hango izkribu zaharrak Bizkaikoekin eta Deba ibarrekoekin alderatu nituen eta gauza bat agertu zen: XVI. mendeko Arabako euskara Bizkaikoa eta Deba ibarrekoa baino modernoagoa zela zenbait gauzatan eta horrek, jakina, nire ustea sendotzen zuen: Araban gauzak sortu eta gero handik Bizkaira eta Deba ibarrera zabaldu zirela esan nahi zuen.
Gainera, antzina, XIV. mendea baino lehen, Gasteiz izan zen mendebal osoko hirigunerik handiena. Esate baterako, hantxe sortu zen apezpikutegia XI. mendean. Hori ere, beraz, Arabaren alde zetorren.
-Arabako gaztelanian erabiltzen diren euskarazko berbak aipatzen dituzu liburuan. Normalean alderantzizkoaz egiten da berba, euskaraz egiten diren erderakadez. Horren adibide batzuk esan ahal zenituzke? Nola txertatu ziren gazteleran?
Hizkuntza batek beste bat menderatzea pixkanaka gertatzen da. Lehenengo bataren hitzak bestera pasatzen dira, gero ahoskatzeko moduak, esaldi osoak eta abar pasatzen dira. Baina mendean geratzen den hizkuntza horrek beti gordetzen du bere lehengo izaeratik zeozer. Hori da Araban gertatu dena: gaztelania nagusitu zaio euskarari, baina euskarazko berba batzuek bizirik iraun dute. Esate baterako, landare, belar eta zuhaitzen izenak, baserriko tresnen izenak, txori, hegazti eta animalien izenak, jatekoen izenak... Esate baterako, euskarazko 'atxun' esaten da Arabako leku askotan; ez erdarazko 'ortiga'. Eta horrela beste berba mordo bat: auzolan, baldarra, begitxindor, bizkar, baizkarrazur, hamaiketako, kaskarreko... Jendeak euskarazkoak direla jakin gabe erabiltzen ditu; gaztelaniaz ari direlakoan.
-Euskalkiak oso zaharrak diren mitoa egon dela diozu Berriari eskainitako elkarrizketan. Noiz sortu ziren?
Euskara antzinako hizkuntza da eta, dudarik gabe, bere historian zehar dialektoak ere sortuko ziren han eta hemen, baina gaur egun guk ezagutzen ditugun euskalki hauek ez dirudi hain aspaldikoak direnik. Koldo Mitxelena ere iritzi horretakoa zen eta arrazoi bat aipatu zuen ikuspegi horren alde: euskarak hartutako latineko berbak modu berean esaten direla euskalki guztietan. Jakina, euskalkiak antzinakoak balira, latineko berbak bakoitza modu batean egokituko zen euskalki bakoitzean.
Ziurrenera, gaurko euskalkiak Erdi Aroan sortutakoak dira eta, hain zuzen, mendebalekoak ematen du zaharrena. Bera da denetan bereziena eta horrek esan nahi du bera izan daitekeela gainerakoetatik aldendu zen lehena.