Kontsumo Arduratsu eta Ekologikoaren Azoka egingo da bihar goizean Untzagan, 10:00etatik 14:30era bitartean

Egoaizia GGKEk eta Biolurrek antolatu dute eta goiz osoan zehar bertoko ekoizleen produktuak, tailerrak, erakusketa, zozketak... egingo dira.
2024/10/18 21:50
eta kitto!

Bigarrenez antolatu dute azoka Biolur Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteak eta Egoaizia Gobernuz Kanpoko Erakundeak, hainbat elkarte eta erakunderen lankidetzarekin (Eibarko Udala, Debemen Debabarreneko landa-garapeneko elkartea, eta ENNEK-Ekolur Euskadiko nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseilua), besteak beste. Aurten “Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia” goiburuari jarraituta egingo da

Bertoko 15 bat ekoizleren produktu ekologikoekin batera, hainbat informazio-gune ipiniko dira azokan, herritarrei kontsumo ekologiko eta arduratsuarekin lotutako ekimenen (bidezko merkataritza, moda, osagarriak eta ongizatea) berri emateko. Egunerokoan erabiltzen ditugun produktuak konpondu edota birziklatzeko guneak ere egongo dira azokan, baita umeentzako birziklatze-tailerrak, bi argazki-erakusketa, bizikletak konpontzeko gune bat, eta showcooking bat ere. Gainera produktuz betetako bi otar zozketatuko dira.

Egunerako prestatu dituztenen artean, Egoaiziak landutako #EibarEraldatuz proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Proiektuaren baitan, Eibarko biztanleei modu arduratsuago batean kontsumitzen laguntzeko tresna praktikoa, mapa digital itxurakoa garatu dute.

Bestetik, azoka ezagutzera emateko kartela lehiaketa bidez aukeratu dute, eta Leire Kareaga Udal Dibujo Eskolako irakasleak aurkeztutako proposamenak eraman du saria.

EGITARAUA

10:00 Azokaren hasiera

11:30 Debabarreneko Mankomunitateak antolatutako bilketa selektiborako sentsibilizazio-tailerra.

12:00 EKO errezeta bat prestatu eta dastatu egingo da, Chefintegrativaren eskutik.

14:15 VII. Kartel-lehiaketaren sari-banaketa

14:30 Feriako produktuez osatutako otarren zozketa

14:30 Azokaren amaiera