Kontzertu hirukoitza zapatu gauean Txaltxa Zelaian
Urteroko moduan, Legarreko musika lokalak kudeatzen dituen Eibarko Musikari Gazteen Elkarteak kontzertua antolatu du, lokaletan ensaiatzen duten hiru talderekin: Skapital City, Garrapata eta Ekinocio taldeak bata bestearen atzetik kontzertua ematen arituko dira bihar gauean, 22.00etatik aurrera Txaltxa Zelaiko kioskoan emango duten kontzertuan.
Punk estiloari jarraitzen dion Garrapatak hamar urteko ibilbidea egin du eta taldearen izeneko albuma ere eman du argitara. Ekinocio taldeak, berriz, trash metal musika jotzen du. Eta kartela osatzen duen hirugarren taldea, Skapital City orain dela urtebete eskas sortu zuten ska musika gustoko duten zazpi gaztek. Uda honetan eman zuten lehen kontzertua, Errioxa aldean, eta bihar jardungo dute estreinekoz Eibarren.