Koro Alonso: pianoan loratu, musikaz gozatuz

Koro Alonso: pianoan loratu, musikaz gozatuz
2017/01/30 12:01
eta kitto!
Nabari zaio Korori pianoa jotzea maite duela. Abesti batetik bestera pasatzen da, arintasunez, solturaz. Buruz jotzen du, ez ditu partiturak irakurtzen, baina urrezko memoria dauka. “Sutan grabatuta ditu buruan pieza guztiak!”, dio Isabel Laspiur bere piano irakasleak.

6 urte zituenean hasi zen Koro pianoa jotzen. “Kasualitatez”, bere ama Edurne Santamariaren esanetan. “Ikusmenean arazoak zituenez pentsatu genuen berarentzat musika tresna errazagoa izan zitekeela, baina beste edozeinekin hasi zitekeen”. Lehen begiratuan maitemindu zen pianoaz eta 22 urterekin amodio erlazio berean jarraitzen du.

Laspiur irakasleak azaltzen duenez, “oso belarri eta memoria ona dauka”. Suzuki metodoaren bitartez ikasi zuen, hau da, belarriz. “Txikiak direnean ez dituzte pentagramak irakurtzen eta Kororekin horrela jarraitu dugu gaur egunera arte”, azaltzen du irakasleak. Astean behin joaten da Koro piano klaseetara, baina azkenaldian helburu handia dute aurrean.

Soinu Mosaikoa proiektua


Urtebete darama Korok aurreko barixakuan Kursaalen eskaini zuen kontzertua prestatzen. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) eta FEVAS Adimen edo Garapen Urritasuna duten Pertsonen Elkarteen Euskal Federazioak Soinu Mosaikoa izeneko proiektua jarri dute martxan eta, honen barruan, arauz kanpoko funtzionaltasuna duten hemeretzi lagunek lau kontzertu eskainiko dituzte EOSekin batera. Lehen hiruak abonamendu denboraldiaren barruan egingo dira (urtarrilaren 27 eta 30ean Kursaalen, eta otsailaren 2an Gasteizko Printzipal antzokian) eta, laugarrena, otsailaren 4an egingo da, Kursaalen baita ere, baina Musika Familian zikloaren barruan. “Azken hau beste formatu batean egingo da, didaktikoagoa, EOS gabe”, Laspiurren berbetan.

soinu_mosaikoa

Munduko lorerik handiena


Emilio Aragonek proiektu honetarako espresuki konposatutako abesti bat joko dute Koro eta bere kideek, “Munduko lorerik handiena”, izen bera duen Jose Saramagoren liburuan oinarritzen dena. “Musika zoragarria da”, dio ilusioz Laspiurrek, “eta narratzailea ipuina kontatuz doa”. Elkarrizketa egunean entsegua izan zuen Korok eta bere irakaslea emozionatuta zegoen bertan ikusitakoarekin.

Edurne Santamaria Kororen amak dio bere alaba ez dagoela urduriegi zitaren aurrean. “Eskarmentua dauka, urtero Colisoean bera bakarrik aritzen da eszenatoki gainean eta, gainera, horren zain egoten da”. Korok abestiaren melodia joko du bibolinekin batera eta prest da erronkari aurre egiteko.

Urtebetez hilabetean behin elkartu dira EOSeko musikariekin eta, entseatzeaz gain, tailerrak egin izan dituzte eurekin. Kororen kide batzuk ez zeukaten musika noziorik, baina guztiek hartu dute parte proiektuan. Laspiurren esanetan, “Korori erraza egin zaio abestia ikastea, geratzen dena da EOSekoekin ondo koordinatzea”.

Entzun dutenek hitz politak besterik ez dituzte ekimen honen gainean, beraz, kontzertu hauek galdu nahi ez dituena sasoiz da oraindik, sarrerak salgai daudelako www.euskadikoorkestra.es webgunean.

soinu mosaiko entsegu 1 soinu mosaiko entsegu 2