Korrika Eguna iragarri du Eibarko AEK-k
24. Korrika ate joka dela, Eibarko AEK-k Korrika Eguna iragarri du, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatuta. Aurten, aspaldiko partez, zapatu iluntzean zeharkatuko du Korrikak eskualdea, eta hori dela eta, harrera berezia prestatu nahi diote euskararen aldeko ekimen erraldoiari.
Korrika Eguna martxoaren 28an, zapatuan, ospatuko da Eibarren, eta egun osoko jarduerak izango dira herriko hainbat gunetan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egitarauan trikipoteoa, auzoetako ekitaldiak, herri bazkaria, txosna gunea, bazkaloste girotua, elektrotxaranga eta kontzertuak jasoko dira, besteak beste. Herri bazkarirako tiketen salmentaren berri laster emango dute.
Eguneko unerik esanguratsuena 21:00ak aldera iritsiko da, Korrika Eibarren barrena igaroko denean. Herritarrei egitarauan eta Korrikan parte hartzeko eta euskararen aldeko mezua kaleetara ateratzeko deia egin diete antolatzaileek.