Korrika gaur 18.00ak aldera Ermutik Eibarrera sartuko da
Korrika gaur (eguaztena, hilak 20) 18.00ak aldera Ermutik Eibarrera ailegatzea dago aurreikusita. Eibar barruko ibilbidea 6,300 kilometrokoa izango da eta korrikalariek ordubete inguru beharko dute betetzeko. Unibertsitate Laboralaren parean hasiko da: Otaola hiribidetik jarraituta Ipuruara sartuko da, handik behera AEK euskaltegian errebuelta beheruntz hartu eta Untzagaraino jaitsiko dira. Bidebarrietatik Julian Etxeberriara sartu, Toribio Etxebarria pasatu, udaletxe ostetik aurrera egin eta Txoko taberna ingururaino aurrera eginda, handik Calbetón kalera sartuko dira, Bidebarrietatik behera, Karmen kaletik jarraituta Eibartik irten eta lekukoa Soraluzekuei emango diete.
Aurretik, baina, girotzen joateko aukera izango da: 15.15etan Korrika Txikia hasiko da Isasiko La Salle ikastetxe paretik eta ibilbidean korrikalariak gehitzen joango zatzaizkio hasierako taldeari. Arratsaldeko lasterketan, betiko lez, ikastetxeetako umeak izango dira nagusi eta amaiera ekitaldia Eibarko Bizikleta Plazan egingo dute. Bestalde, Korrika nagusiari ongi etorria egiteko 17.30etatik aurrera herriko kaleetan musika eskaintzen jardungo dute.