Korrika hasiko da gaur Irunen
Arratsaldeko 16:00etan hasiko da, gaur, Irunen, Korrika. 23. edizioa izango da aurtengoa eta Baionan izango du amaiera hilaren 24an, ‘Harro herri’ lelopean Euskal Herri osoan zehar 2.700 kilometro egin ondoren.
Korrika datorren eguaztenean, hilaren 20an, iritsiko da Eibarrera. Ermutik etorriko da (Zaldibarretik, zehazki) eta Ipuruatik pasa eta erdigunera jaitsi ondoren, pare bat buelta emango ditu bertan, ohiko lez, gero Bidebarrieta kalea hartu, Urkizura eta herriaren ekialdera jo eta Maltzagatik Soraluzera joateko. Gero, berriz itzuliko da Maltzagara, Eibarko lurraldera, eta beste pare bat taldek eramango dute lekukoa, azkenean Elgoibarren sartzeko.
Korrika Kulturala
Korrika Eibarrera etorri aurretik eta ondoren, hainbat ekintza egingo dituzte Korrika Kulturalaren barruan. Horrela, bihar bertan, hilaren 15ean, Kantu afaria egingo da Kultun, 21:00etan. Arrate Kultur Elkarteko bazkideek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 20 euro. Txartelak Kultun daude salgai.
Biharko, Eibarko Gazte Mugimenduak egun osoko egitaraua prestatu du Korrika Eguna ospatzeko. 13:00ean hitzaldia eskainiko dute Plaza Barrian eta arratsaldean musikak hartuko du lekukoa. 19:30ean kantupoteoa egingo da eta 21:30ean gaztetxeko ateak irekiko dituzte Slide (22:00etan), Emajon erromeria (23:30ean) eta DJ Maurizia (01:30ean) musikarien kontzertuak jasotzeko.
Hurrengo egunean, hilaren 17an, buruz-buruko pilota finalaurrekoa jokatuko da Astelena frontoian eta Korrikako arduradunekiko argazki ofiziala egingo dute bertan.
Martitzenean, egun handiaren bezperan, herriko ikastetxeetako umeak kalera irtengo dira 15:15ean Korrika Txikia egiteko. Herriko kaleak zeharkatu ondoren, ekintzak Untzagan izango du amaiera (euria egingo balu, Errebalen).
Eguenean, hilaren 21ean, Badon antzezlana eskainiko dute Coliseo antzokian, 19:00etan. Aldizkari honen 31. orrialdean duzue ikuskizunari buruzko informazio gehiago.
Hilaren 22an, 23an eta 24an ’17. logela’ izeneko ihes-gela ibiltaria iritsiko da Untzagara, Euskaraz barra-barra (e//) kanpainaren barruan. Ekintza horrek 40 minutuko iraupena du eta www.euskarazbarrabarra.eus/ihes-gela webgunean eman behar da izena parte hartu ahal izateko.
Korrikaren inguruko ekintzekin amaitzeko, zer hobeagorik Baionan Korrikaren amaiera ikustea baino? Horretarako, autobusak jarriko dituzte Ego Gainetik. 09:00etan irtengo dira eta joan-etorriko bidaiak 15 euro ordaindu balio du. Izena emateko 688 74 66 34 zenbakira WhatsApp bitartez mezua bidali beharko da.