Kudeaketa Aurreratuaren Diploma jaso du ...eta kitto!-k

...eta kitto! Euskara Elkarteko kideak Euskalduna Jauregian egon ziren eguaztenean Kudeaketa Aurreratuari Diploma jasotzen. Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sarien Ekitaldian brontzezko, zilarrezko eta urrezko sari nagusiez gain, aurten EAEko 54 erakundek jaso dute Euskaliten diploma.
Kudeaketa Aurreratuaren Diploma jaso du ...eta kitto!-k
2024/12/13 14:00
eta kitto!

Abenduaren 11n, eguaztena, Kudeaketa Aurreratuaren diploma jaso zuen ...eta kitto! Euskara Elkarteak Bilboko Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian. 2022an sortu zen euskal hedabideei zuzendutako programa berezia, hedabideen lehiakortasuna eta kudeaketaren profesionaltasuna hobetzeko helburuarekin. ...eta kitto!-k jaso duen diploma hiru urte hauetan egindako lanaren aitortza da. EUSKALITeko Komunikazio arduraduna den Nerea Obietak zuzendu du programa, eta bere hitzetan jaso ditugu Kudeaketa Aurreratuaren ereduaren nondik norakoak. 

 

Kudeaketa Aurreratuaren ereduak ahalik eta emaitzarik onenak bilatzen ditu bai erakundearentzat bai bere interes-taldeentzat. Horrela esanda, arrotza izan daiteke eredu honetan sakondu ez duen herritar batentzat. Beraz, nola azalduko zenuke modu errazean zer den Kudeaketa Aurreratua? 
Kudeaketa Aurreratua erakunde bat (txikia, handia, publikoa edo pribatua zein edozein sektorekoa) antolatzeko eta ulertzeko modua da, eta baita lortu nahi diren emaitzak denboran zehar eusteko garatzen diren ekintzen batura ere. 
Ekintzarik garrantzitsuenak sei elementu nagusirekin harremantzen dira: epe luzeko ikuspegi bat sortzea, zehaztutako estrategia batekin; erakundea bezeroengana bideratzea, balio-ekarpen diferentziala eginez; erakundeko pertsonengan proiektu partekatu bateko kide izatearen sentimendua sortzea; berrikuntza eremu guztietan aplikatzea, eraldaketa-palanka gisa; gizartearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa sustatzea; eta nola ez, emaitza onak lortzea interes-talde guztientzat, modu orekatuan. Horrela laburbildu daiteke Kudeaketa Aurreratua erreferentetzat hartzeak esan nahi duena.

EUSKALITeko Nerea Obietak azaldu dizkigu Kudeaketa Aurreratuaren gakoak.
  

Zu izan zara euskal hedabideokin Kudeaketa Aurretuaren eredua lantzeko arduraduna. Nola sortu zen ideia edo beharra?
2022an sortu zen euskal hedabideei zuzendutako programa berezia, beti ere hedabideen lehiakortasuna hobetzeko grinarekin, zein kudeaketaren profesionaltasuna hobetzeko helburuarekin. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta sortu zen, baina laster gainontzeko Aldundiak batu ziren, eta horiekin batera Hizkuntza Politika Saila. EUSKALIT bidelagun izan da urte hauetan zehar; hedabideen abiapuntuko garapen mailetara egokituz (oinarrizkoa edo aurreratua), hiru urteko programa planteatu genuen, azkeneko urtean kanpo kontrastea jaso eta, baldintzak betez gero, Kudeaketa Aurreratuaren Diploma lortzeko asmoz, gure Kudeaketa Aurreratuaren Euskal Sariaren eskemako lehenengo urratsa alegia.

Nolako harrera izan du hedabideen artean? Zenbatek hartu dute parte?
Oso harrera ona izan du. Guztira hiru lurraldeetako 31 hedabidek parte hartu duzue; tokiko hedabide gehienak gipuzkoarra izan dira. Kontuan hartu behar da hedabideen egoera ez dela berdina izan, bai tamaina bai kudeaketa-sistemaren garapenak oso anitzak izan direlako.

Formakuntzaren ostean eta erakunde parte-hartzaileek Kudeaketa Aurreratuan aurrera egiteko pausoak eman eta sistematizatu ostean, horietako batzuk kontrastea egin dute, ezta? Zertan datza kanpo kontrastea?
Kanpo kontrastea, erakunde bateko zuzendaritza taldearen eta kudeaketa gaietan adituak diren EUSKALITen Ebaluazio klubeko kideen arteko goiz bateko hausnarketa da, zalantzak argitzeko eta kudeaketa sistema hobetzen laguntzeko.
Hortaz, kontrastearen helburua da erakundeak gauzak nola egiten dituen, zein emaitza lortu dituen eta etorkizunean zer lortu edo egin nahi duen aztertzen laguntzea. Hausnarketa hori egiteko, zuzendaritza taldeentzat oso onuragarria izaten da kanpoko pertsonen laguntza jasotzea, erakundearen kudeaketa berrikusten eta hobetzen laguntzeko.

Hiru urteko prozesua eta gero, nolakoa izan da kontrasteetarako erantzuna? Zenbat hedabidek jasoko dute aintzatespena aurten? 
Askok oso tamaina txikia dutela aintzat hartuta, pertsona bakarreko hedabideak parte hartu izan dutelako adibidez, guztiek ez dute Diplomaren azkeneko helburua betetzeko egoera aproposik izan, ezinezkoa baitzen hasieratik. Baina baldintzak betetzen zituzten hedabideen artean  erantzun positiboa izan du, dagoeneko 10ek Diploma jaso izan duzuelako: hiruk joan den urtean, eta aurten zazpik lortuko duzue. Dena den, nahiz eta aintzatespenik jaso ez, orokorrean, kudeaketa sistemetan aurrera egin dela esan dezakegu, eta bidean dauden askok hurrengo urtean kontrastea jasotzeko konpromisoa agertu dute.

…eta kitto!-ren kasuan zer nabarmenduko zenuke alor positibo moduan? Eta etorkizuneko aukera moduan?
Dudarik gabe lantaldearen lana eta konpromisoa nabarmenduko nituzke. Programa hasi baino lehen bazegoen lan asko eginda, bai hausnarketa estrategikoak egiten zirelako, bai bezeroen nahiak eta beharrak kontuan hartzen zirelako horietara moldatutako zerbitzuak eskainiz. Beraz, programan parte hartzea onuragarria izan dela uste dut, bultzada ekarri duelako kudeaketaren sistematizazioan, eta etorkizunera begira EUSKALITen aintzatespen eskeman hurrengo urratsei ekitea berez etorri daitekeen zerbait izan daitekeelako.

...eta kitto!-rekin batera beste lau hedabide/erakundek eskuratu dute diploma: Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Irutxulo Hitza, Aiurri eta Aiaraldea.