“Kulturari inoiz ez zaio behar duen garrantzia eman hedabideetan”

“Kulturari inoiz ez zaio behar duen garrantzia eman hedabideetan”
2011/11/17 00:00
eta kitto!

-Zorionak aldez aurretik.
Eskerrik asko. Baina, tira, zer da jakin nahi duzuena?
-Sariaren gainean galdetu nahi genizuke eta, aitzakiarekin, Eibarrekin duzun harremanari buruz.
Amaieratik hasiko gara, hori baita hasiera. Gogoratzen ditut Eibarren emandako urteak. Estaziño kalean bizi ginen gu. ‘El Ondarrés’ altzari denda oroitzen dut, Estaziño kalean zegoena. Guk kalean jolasten genuen, espaloian.
-Gaur ez da gaztetxorik ikusten, bada, bertan jolasean.
Ez? Tira, guk horrela egiten genuen oso umeak ginela.
-…
1962eko abuztuaren 16an jaio nintzen, zesareaz. Nire ama, Konpostelarra, Santiagon medikuntza ikasi zuen aitarekin ezkondu zen, eta honek Eibarren lortu zuen lan egiteko lehen postua. Horrela jaio nintzen ni Eibarren.
-Beraz, zure aitari lan egiteko tokia Eibarren tokatu zitzaiolako jaio zinen hemen?
Bai, horrelakoa da bizitza. Nire aitak dio horiek izan zirela bere bizitzako momenturik onenak. Ezkondu baino lehen, nire aita logelak alokatzen dituen etxe batean bizi zen, eta horietako batean, Estaziño kalean, alabarekin, suinarekin eta ilobarekin bizi zen emakume bat zegoen, Carmen Aranberri. Nire bizitzan oso emakume garrantzitsua izan zen Carmen. Berarekin ikasi nituen euskaraz dakizikidan 4-5 berbak, umeei esaten zaizkion horietakoak, sehaska-kantak. Emakume langilea zen, elegantzia eta itxura izugarrizkoa. Orduan, Eibarko sasoi hartaz usainak gogoratzen ditut. Okindegi bat zegoen Estaziño kaletik behera egiten zuen kalearen kantoian. Gure alboko etxean zegoen atari baten atzealdean zegoen bitxi-denda eta bertako andrek, diru gehiago ateratzeko, mediak josten zituzten egurrezko arraultzen gainean. Gogoratzen dut, baita ere, Pedrito mendira gindoazela anai-arrebak amarekin, Arratera ere… Oroitzen dut debako hondartzarako bidea amaitezina egiten zitzaigula bideak bihurriak zirelako, baina heltzean sentitzen genuena zoragarria zen.
-Eta gero Gasteizera joan zineten.
Aitak Aranako ospitalean plaza lortu zuen, baina Eibarren ezagututako jendeak gure bihotzean egoten jarraitu zuen. Eibarrera joaten ginen sarritan, Carmen Aranberri gugana etortzen baitzen bisitan eta berarekin nindoan Eibarrera. Etxegaraten gora eta behera nola ibiltzen dinen gogoratzen dut orain, demaseko elurrarekin autobusean…
-Hobe ez imajinatzea.
Franko bizirik zen oraindik, pentsa. Demasekoa zen! (barreak)
-…
Ah, eta San Blas opilak ere gogoratzen ditut! Zenbat gustatzen zitzaizkidan! Carmenek pakete batean bidaltzen zizkidan San Blas egunean.
-Ez zizun errezeta erakutsi?
Ez.
-…
Tira, horrela joan zen nire haurtzaroa eta nerabetasuna, horrelako irteerekin. Eibar eta Gasteiz artean ez zegoen orain dagoen komunikazioa.
-Bai, orain ia ordu laurdenean egin dezakezu bidea.
Badakit, Eibarrera bueltatu bainaiz geroago ere. Oso aldatuta ikusi nuen herria. Badakizu zer den gehien harritu ninduena? Eskailera mekanikoak! (barreak). Ezagutzen al duzu beste herririk hainbeste eskailera mekanikorekin? Nik ez dut bat ere ezagutzen! Kremailerak marrazten dituzte bailaran.
-Beno, esan duzu Gasteizera bizitzera joan zinela, eta gero?
Gasteizen ikasi eta 18 urterekin Madrilera joan nintzen karrera ikastea. Lehen praktikak irratian egin nituen eta hor dihardut oraindik, nahiz eta ibili naizen beste formatu batzuetan ere. Radio Vitorian egin nituen praktikak 1983an, orduan Arabako Aurrezki Kutxarena zen irratia, baina gero Eusko Jaurlaritzak hartu zuen. 1985ean lana aurkitu nuen Madrilen eta hemengo irrati autonomikoan 7 urtez egin nuen lan. Cadena Ser-en hasi nintzen ondoren eta datorren otsailean 20 urte beteko ditut bertan.
-‘La hora extra’ programan zabiltza ordutik?
Albistegietan ibili naiz beti, kultura sailean, eta 3 pertsonek dihardugu hortan lanean. Kulturaren gaurkotasunaz arduratzen gara maila nazionalean. Madrilen antzerki estreinaldi bat badago eta gero estatuan zehar gira egingo badu, guk horren berri ematen dugu, adibidez. Egunero kultura arloko berriak jorratzen ditugu eta albestegietako pertsonei saldu egiten dizkiegu modu batean esatearren.
-Eta erosten dituzte?
Kostatzen zaigu. Hori lanaren zati bat da. Bestetik, zapatuetan 07.30etatik 08.00etara egiten dugun ‘La hora extra’ saioa zuzentzen dut. Asteburutik aurrera egingo diren kultura ekintzak jasotzen ditugu bertan, agenda bezala. Adibidez, argazki-erakusketa bat zapatuan aurkezten bada horren berri ematen dugu, pelikula bat estreinatuz gero erreportaia egiten dugu. Medina del Campoko erakusketa dagoela, Medinacelin piano bat behar dutela beti alokatzen dabiltzalako, Londresko National Galleryn Leonardi Da Vinciren 7 margolan ikusgai daudela… denek daukate lekua saioan. Premisa bat daukagu: ez dela politikorik sartzen. Badaukate euren tokia bestela ere.
-Parentesi moduko bat suposatzen du zentzu hortan saioak.
Bai, islatxo bat bezalakoa da.
-Albistegietan kultura saltzea aipatu duzu lehen. Behar duen garrantzia ematen zaio kulturari hedabideetan?
Inoiz, ez lehen, ez orain, hori ez da aldatu. Niri albistegiak zuzentzea ere tokatu izan zait eta editore moduan saiatu naiz garrantzia ematen, izan ere, kultura informazioa gehiago interesatzen zaio jendeari informazio politikoa baino. Ia egunero bata bestearen aurkako iritziak jasotzen dira politika inguruan eta dialektika horrek aspertu egiten duela uste dut ez bada ezer eraikitzen. Hobe denbora hori aurreztea eta beste gauza batzuetarako erabili.
-Zuk badaukazu zure tokia irratian ‘La hora extra’-rekin.
Badaukat lekutxoa eta zapaturo monumentu bat egingo diedan milaka jarraitzaile zintzo ere.
-Imajina zenezakeen Radio Vitorian hasi zinenean Sari Nazional bat jasoko zuenik?
Ez, eta are gutxiago nola izan den ikusita. Izan ere, entzule baten proposamenaren ondorioz suertatu naiz irabazle.
-Nola?
Saria Kultura Ministeritzak ematen du, baina sariak epaimahaia dauka, 12-14 pertsonak osatzen dutena. Horietariko batek nire izena ipini zuen mahai gainean, “hau da nire kandidatua”, eta horren defentsa sutsua egin zuen. Beste irrati batean egiten du lan hark, Onda Ceron, eta irrati-kate komertzialen ordezkaria zen epaimahaian. Berak zapaturo entzuten du ‘La hora extra’ bere emazte eta alaba txikiari gosaria egiten dien bitartean. Irailaren amaieran, oporretan nintzela, irratira deitu zuen: “Kaixo, ez nauzu ezertaz ezagutzen. Nire izena Manuel Marlasca da, epahimaiko kidea naiz eta Ana Borderas proposatuko dut sarirako”. Nik ez nuen ezagutzen, berak ez zuen nire telefonoa ere.
-Ezin da esan faboreren bat egitearren proposatu zintuela orduan.
Ez, nor zen ere ez nekien! Entzule baten saria da. Zer esango dut ba? Zoragarria da! Lehen aldia da irratigile bati sari hau ematen diotena. Kultur-kazetaritzaz aritzen garenean aldizkariak, albiste-agentziak, telebistako programak… datozkigu burura. Asko estimatzen dut.
-Kafetxo bat irabazi du beraz Manuel Marlasca horrek?
Datorren asterako geratuko naiz berarekin eta kafe bat baino gehiago hartuko dugu, dena zor baitiot pertsona honi, itzaletik atera izana. 350.000 entzule dauzkat… demasa da hau!
-Noiz jasoko duzu saria?
Aurreko edizioak ikusita, maiatza aldean emango didate.
-Disfrutatu ezazu, beraz,
Bai, noski. Ea osasuna daukagun horretarako.