Kulturaz merkeago gozatzeko bonuak salgai
2015/12/09
16:41
eta kitto!
Abantaila ugarirekin kulturaz gozatzeko aukera ematen duten "Kaixo Kultura" eta "Zatoz Antzokira" bonuak aurkeztu zituzten Maria José Telleria Foru Aldundiko Kultura zuzendariak eta Patxi Lejardi Kultura eta Euskera zinegotziak atzo (astelehena, hilak 7) udaletxean. Prentsaurrekoan azaldutakoari jarraituta, "Gipuzkoa osorako 7.000 bonu atera ditugu eta Eibarren 230 ipini dira salgai. Horiek erabilita, liburuak zein diskoak 10 euroko deskontuarekin eros daitezke eta Coliseoko ikuskizunetarako sarreretan, berriz, 15 euroko deskontua aplikatuko da". Bonuen salmenta ahalik eta gehien errezteko asmoz, oraingoan salmenta zuzena egitea erabaki dute eta Eibarren ekimenarekin bat egin duten dendetan, El Corte Inglesean eta Iraolagoitia liburudendan eros daitezke liburu eta diskoak erosteko balio duten bonuak; ikuskizunetarako bonuak, berriz, Coliseoan salduko dituzte bihartik aurrera, abenduaren 9, 10 eta 11n, 18:00etatik 20:00etara. Liburuak zein DVD-ak erosteko balio duen bonuari esker, 20 euro ordainduta 30 euro gastatu daitezke. Eta Coliseoan eskainiko diren ikuskizunetara sartzeko bonuak, berriz, 25 euro balio du eta sarreretan 40 euroko balioa gastatzeko aukera ematen du. Bonuak apirilaren 15era arte erabili daitezke (besteak beste, Antzerki Jardunaldietan eskainiko diren lanetarako baliagarriak izango dira). Informazio gehiago eskuratzeko www.kulturklik.com edo www.eskena.com helbideetan begiratu daiteke.