La Vijanera kalejira ikusgarria Kantabriako jaiak ospatzeko
Bien Aparecida Kantabriako amabirjinaren ohorezko jaien harira, zapatuan La Vijanera jaia bertatik bertara bizitzeko aukera izan genuen, Kantabriako Etxekoek gonbidatuta Silio herritik etorritako La Vijaneraren lagunen elkartekoen kalejirari esker. Jaia, berez, urteko lehen domekan egiten dute, baina Eibarko Kantabriako Etxekoek Bien Aparecida ospatzeko antolatu duten egitarauari esker aurreko asteburuan neguko maskarada ikusgarriak zeharkatu zituen gure herriko kaleak (argazki bilduma ikusteko hemen klikatu). Zapatua biribiltzeko, gainera, txorizo jana eta folk kontzertua egin zituzten. Hurrengo asteburuan agurtuko dituzte jaiak Kantabriako Etxekoek, zapaturako (hilaren 21erako) antolatu duten mahai-joko txapelketarekin eta domekan jokatuko dituzten toka, igel-toka eta cuchillo jokoekin.