La Vijanera maskaradarekin hasiko dira Kantabriako Etxekoen jaiak
Bien Aparecida Kantabriako amabirjinaren ohorezko jaiak antolatu dituzte Kantabriako Etxekoek, urtero lez. Egitarauari bihar (zapatua) ekingo diote eta, gainera, jaia hasteko oso ekitaldi berezia aukeratu dute antolatzaileek: Espainia mailan interes turistikoduntzat jotzen den La Vijanera. Urteko lehen domekan aipatutako Kantabriako herri horretan urtero ospatzen duten neguko maskaradaren antzezpena 18.00etan hasiko da, Txaltxa Zelaian, eta jarraian herriko kaleetan kalejiran ibiliko dira maskarada berezi eta ikusgarria osatzen duten pertsonaiak. Eta 21.00etan hasiko den txorizo-jana amaitzean, folk kontzertua emango dute Cesar Higuera El chaval de Cobejo rabelistak eta Horniu taldeak. Domekan 12.00etan meza egingo dute San Andres elizan eta 13.00ean, berriz, Jardiñeta kaleko egoitzan bazkide eta lagunentzat piskolabisa emango dute. Eta asteburu honetarako ekitaldiak 15.00etan hasiko den bazkariarekin batera amaituko dira. Hala ere, hilaren 21erako mahai-joko txapelketa antolatu dute eta 22rako toka, igel-toka eta cuchillo jokoen ingurukoa.