Lanbide Heziketako 3.000 ikasle elkartuko dira Ikasenpresa Azokaren 15. edizioan
Lanbide Heziketako ikasleek urteroko zita edukiko dute otsailaren 7an Ikasenpresa Azokarekin. 15. edizioa izango da aurtengoa eta hazten doan ekimena dela erakusten dute zifrek. Izan ere, aurten 3.000 ikasletik gora etorriko direla iragarri dute antolatzaileek eta 622 proiektu ekintzaile aurkeztuko dituzte. Gainera, beste gune bat zabalduko dute Errebal Plazan, guztira lau izango direlarik.
Gaur goizean aurkeztu dute 15. Ikasenpresa Azoka Eibarko udaletxean eta Inge Gorostiaga Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Eraldaketa Digitaleko eta Ikaskuntza Aurreratuetako zuzendariaz, Ergiña Urzelai ITLENTeko Kultura Ekintzaileko Saileko arduradunaz eta Jon Iraola Eibarko alkateaz gain, Armeria Eskolako eta Uni Eibar-Ermuako ikaslea egon dira bertan.
Gorostiagaren berbetan, “mota honetako azokak bereziak izaten dira, ikasleek proiektua benetan egiten dituztelako eta, gainera, erakutsi”. Dena dela, aipatu du azokaren helburua ez dela ikasleek enpresa bat asmatzea bakarrik, “baizik eta pertsona eta profesional moduan garatzea”. Gainera, bere ustez ikasleen talentua berebizikoa da Euskadirentzat: “Herriaren etorkizuna zarete”.
Jon Iraolak, Eibarko alkate den heinean, ongietorria eman die aurkezpenera bertaratu direnei eta otsailaren 7an etorriko direnei. “Eibarrentzat ohore handia da horrela ekimena jasotzea. Eibar Lanbide Heziketaren sorterria da eta gaur egun erreferentziakoak diren hiru formakuntza-zentro ditugu (Armeria Eskola Uni Eibar-Ermua eta Azitaingo OLHUI). Formakuntzaren arloa batzuetan ikusezina den arren, Lanbide Heziketa etorkizuneko apustua da”, bere hitzetan. Beraz, bere iritziz, Ikasenpresa Azoka, elkargunea izateaz gain, “talentuaren erakusleihoa” ere bada.
Lau gune
Aurtengoan, erakusleiho horrek gune berri bat izango du Errebal Plazan, guztira lau egongo direlarik:
- Karpa nagusia, A karpa, udaletxe parean jarriko dute eta proiektu industrialak erakutsiko dituzte batipat. “Prototipo handiak egongo dira ikusgai”, aurreratu du Urzelaik.
- B karpa Untzaga plazaren beste aldean jarriko dute, harmailen alboan, eta digitalizazio eta konektibitate eremua izango da.
- C karpa Txanta Zelain egongo da eta merkataritza eta mugikortasun eremua izango da. “Hor ere prototipo handiak egongo dira ikusgai”, Urzelairen berbetan
- Azkenik, eta nobedade bezala, D karpa egongo da aurten Errebal Plazan eta ongizate eremua deitu diote. “Dena dela, proiektu guztiek hartzen dituzte kontuan balioak: ingurunea nola hobetu, pertsonen bizi-kalitatea hobetu...).
Tipologia eta arlo ezberdinetako proiektuak aurkeztuko dituzte ikasleek, Lanbide Heziketan eskaintzen diren ikasketen aniztasunaren isla. Horrela, Urzelairen ustez, “gauza oso potente asko egongo dira, batzuk oso ikusgarriak, robotak kasu”.
Azoka zenbakitan
- Ikastetxeak: 61 (31 publikoak eta 30 itundunak)
- Ikasenpresak: 622 (Debabarrenekoak: 15)
- Ikasleak: 3.000
- Irakasleak: 190