Leire Barriuso, Marokoko lurrikararen lekuko

Leire Barriuso, Marokoko lurrikararen lekuko
2023/09/15 10:10
eta kitto!
Barixaku gauean, 23:00k inguruan, Richter eskalako 6,9 graduko lurrikara izan zen Marokon. Bere historiako handiena. Horri, gainera, ondoren etorri ziren (eta etorri daitezkeen) erreplikak gehitu behar zaizkio. Gaur egun ditugun datuen arabera, 2.600 lagunetik gora hil dira horren ondorioz eta gutxienez 2.500 zauritu daude.

 

Lurrikararen epizentroa Ighilen kokatu dute, Marrakexetik 60 kilometrora dagoen herrian. Eta hain zuzen ere, Marrakexen zegoen une hartan Leire Barriuso eibartarra, Geoparkeko gerentea, UNESCOk antolatutako Geoparkeen Nazioarteko Batzarrean. Zorionez, salbu dago eta gertakizuna kontatu ahal izan digu Marokotik bueltan, baina inoiz ahaztuko ez duen esperientzia izan zen, zalantzarik gabe. “Han geratu eta bizi direnek dute egoera latza”, esan digu telefonoaren beste aldetik.

Geoparkeen Nazioarteko Batzarra bi urterik behin egiten da eta Euskal Kostaldeko Geoparkekoak gonbidatu zituzten Marrakexeko ekitaldira joateko, baita hitzaldia ematera ere. “Batzarrak lau egun inguru irauten ditu eta guk Euskal Kostaldeko Geoparkea aurkezteko hitzaldia eman behar genuen. 1.500 lagun inguru geunden batzarrean eta %70 geologoak izango ziren gainera”, azaldu digu Barriusok.

IMG-20230907-WA0013

Dardarak Arrate Egunean

Euskal Kostaldeko Geoparkekoek aurkezpena egin zuten eta barixaku gauean, “Arrate Egunean hain zuzen ere”, Barriusok gogoratu digun bezala, afalostean, hotelera bidean jarri ziren euskal ordezkariak. “Marrakexeko Medinan geunden, alde zaharrean, riad deitzen zaien horietako batean. Hau da, patioa duten etxe horietako batean”, zehaztu digu.

Bat-batean, hoteleko atarian hoteleko langile batekin fakturen inguruan berba egiten ari ziren bitartean, lurra dardarka hasi zen. “Astindu moduko bat sentitu genuen, gure azpitik metroa pasatu izan balitz bezala, agian pixka bat fuerteago. Bata besteari begira jarri ginen, harrituta, eta bat-batean demaseko mugimendua hasi zen.

Ordenagailua lurrera erori zen, dena mugitzen hasi zen, baita lurra ere. Jendea garrasika hasi zen. Orduan, ate azpian jarri ginen. Hurbil geneukan eta atetik kalera metro batzuk zeuden, lau metro inguruko tunel moduko bat zelako. Dendena nola erortzen zen entzuten genuen eta hautsa zegoen nonahi. Ezin zen ezer ikusi. Gaua zen, baina zorionez argia ez zen joan. Hautsak itsutzen zuen guztia”, kontatu digu Barriusok.

Dardara inoiz amaituko ez zela iruditu zitzaion eibartarrari. “30 segundu iraun zuela esan didate, baina niretzat hiru minutu edo gehiago izan zirela iruditu zitzaidan”, esan digu. Dardara amaitu zenean ez zuten ezer ikusten hautsaren ondorioz. “Arnastea kostatzen zitzaigun eta kamiseta jarri genuen buruan. Baina beno, dardara amaitzen zela ikusi genuenean kalera irten ginen arrapataka. Kale estu-estu batean geunden eta etxe bat jausita ikusi genuen. Hain zuzen ere minutu bat lehenago pasa ginen handik. Beraz, pentsa, azpian geratu ahal ginen minutu bat geroago pasatuz gero. Orduan, kale zabalera irten ginen eta mundu guztiak egin zuen berdin. Batzuk gantzontziloetan, beste batzuk biluzik, batzuk garrasika… denetik. Handik plazetara edo biribilguneetara joan zen jendea eta baita gu ere. Hau da, inguruan teilaturik edo ez ezer zegoen guneetara, toki irekietara” jarraitu du kontakizuna.

Biribilgunean, lasaiago, egoeraz jabetuz joan ziren eta jendeak egoerari nola aurre egiten zion ikusi zuten. “Batzuk mantekin ikusi genituen, gaua kalean pasatzeko asmoarekin”, azaldu digu Barriusok. “Gu bueltaka ibili ginen egoera nolakoa zen ikusten eta kongresuko espainiar batzuekin elkartu ginen, inguruan zeudenak. Parke baten jarri ginen eta 03:00k inguruan hotelera joatea erabaki genuen, nola zegoen ikustera. Justu orduan ari zen jendea bertara itzultzen, ordura arte inork ez zuelako itzuli nahi, beldurtuta. Hotela oso ondo zegoela ikusi genuen, kalterik eta arrakalarik gabe, beraz, nahiz eta beldurra izan, kanpoan ez genuen ezer egiten eta atseden pixka bat hartzea erabaki genuen”, Barriusoren berbetan.

 

Marokoarren erresilientzia

Pare bat orduz atsedena hartu ondoren, kalera irten eta harritu egin zirela esan digu eibartarrak: “Bazirudien ezer gertatu ez zela. Jausitako harriak baztertuta zeuden edo baztertzen zebiltzan, eta dendak zabalik zeuden, dena martxan berriz… Demaseko erresilientzia dute, pasada bat”, zehaztu digu.

Lurrikarak sekulako hondamendia eragin zuen, baina Interneteko seinalea ez zen joan eta, gutxienez, etxekoei ondo zegoela esateko aukera izan zuen Barriusok. Era berean, informazioa lortzeko aukera zuen eta itzulerako hegaldia egun horretan arratsaldean zuen arren (zapatuan), aireportura goizean goiz joatea erabaki zuen, badaezpada. “Han ere normaltasun handia zegoen egia esan. Jendea lotan ikusten zen, baina normalean ere aireportuetan jendea lotan ikusten da. Zorionez, bidaia ez zuten atzeratu edo ezeztatu, txartelak hartu ahal izan nituen eta etxera itzuli ahal izan nintzen”, diosku Barriusok.

IMG_20230909_014410