Leire Quintas, Elena Idigoras eta Irene Piñeiro: "Erretzearen arriskuak argiago ikusten ditugu orain"
- Ikasturte honetan tabakoaren inguruko prebentzioa landu duzue, Kerik Gabeko Ikasgelak ekimenari jarraituta. Zer egin duzue?
Besteak beste, hainbat bideo ipini dizkigute, tabakoa erretzeak gure osasunari nola eragiten dion ikusteko. Horrekin batera tabakoaren konposaketa nolakoa den eta erretzearen arriskuei lotutako beste hainbat gauza azaldu dizkigute. Horiek ikusita, helburu batzuk ezarri dizkiogu geure buruei eta, horrela, ez erretzeko asmoari alkoholik ez edatekoa gehitu diogu.
- Jakin badakigu erretzeak gure osasunari kalte egiten diola, baina jaso dituzuen azalpenen artean zerbaitek bereziki harritu zaituzte?
Arriskuak argiago ikusteko lagungarriak izan dira bideoak. Ikusi ditugun guztien artean, berriz, tabakoak zenbat osagarri dituen edo kadukatutako tabakoa salgai dagoela jakiteak harritu gaitu gehien.
- Nolakoa da saria zuek eramatea lortu duen logotipoa?
Mezua modu zuzenean eta modu sinplean aditzera eman nahi genuen eta, horrekin batera, gazteen hizkuntzara moldatzea. Horregatik, gure adinekoen artean oso ezaguna den Facebook-eko "Ez dut atsegin" botoia hartu eta bertako hatzamarrak zigarroa zapaltzen agertzea mezua argi azaltzeko logotipo egokia izan litekeela pentsatu genuen eta horrekin irabazi dugu lehiaketa.
- Osasun arloko arduradunek diotenez, gero eta neska gazte gehiago hasten da erretzen. Inguruan horrelakorik ikusten duzue?
Bai, hala dela uste dugu. Batzuk zigarroa erretzeagatik beste lagunak baino gehiago direla uste dute. Eta beste batzuk inguruko lagunak erretzaileak direlako, horiek egiten dutena imitatzeagatik hasten dira.