Lendakaris Muertos eta Riot Propaganda izango dira Amañako jaietan
Amañako Jaietako Batzordeak dagoeneko lotu du aurtengo kontzertu nagusia, betiko moduan asteburu horretako barixaku gauean egingo dutena. Lendakaris Muertos eta Rior Propaganda izango dira protagonista nagusiak uztailaren 11ko jaialdi horretan.
Lendakaris Muertos Iruñean sortutako punk taldea da, 2004ko ekainean euren lehen maketa kaleratu zuena. Euren ezaugarri nabarmenena letra umoretsu eta kritikoak dira, eta haien kanta azkar eta laburretan amorruari ekiten diote gitarra, bateria eta baxu baten bidez. Zazpi disko kaleratu dituzte dagoeneko.
Riot Propaganda, bestalde, rapcore politikoa egiten duen musika talde bat da, Valentzia eta Madrilgo partaideekin osatua. Los Chikos del Maíz eta Habeas Corpus taldeetako kideak eta Plan Bko DJa dira taldekideak, Betagarriko abeslariarekin batera. Bi disko besterik ez dituzte argitaratu, lehenengoa 2013an "United Artists of Revolution" izenekoa eta bestea 2017an "Agenda Oculta" izenekoa.
Handik bi egunera, uztailaren 13ko domekan, Puro Relajo izango da Amañan beste behin, Amañako auzotarrek hain gustoko dituzten abestiekin.