Leticia Sanchez: “EHUNDUren bidez, behar nuen aholkularitza teknologikoa eman didate”

EHUNDU Debegesak Eibarko Udalarekin lankidetzan garatutako ekintzailetza programa da. Negozio plan berritzaile bat garatuta eta argitu gabeko behar espezifikoak dituzten pertsonentzat pentsatuta dagoen programa da. Izena emateko epea zabalik dago Debegesaren webgunean. EHUNDUren bidez, zure enpresa abian jartzeko dituzun zalantzak argituko dituzu, zure proiektuak behar dituen arloetako adituen aholkularitza pertsonalizatuari esker.
Leticia Sanchez: “EHUNDUren bidez, behar nuen aholkularitza teknologikoa eman didate”
2024/10/14 09:22
eta kitto!

EDUKI BABESTUA

Leticia Sanchez eibartarrak  gidatzen duen Kinetix enpresak komunikazio zerbitzuak ematen ditu, eta ehungintza arloko kontsultoria moduan ere jarduten du. Alde batetik, irtenbide integralak eskaintzen dituzte funtsezko bi arlotan: Komunikazio Estrategiak eta Branding 360º. Bestalde, esan dugun bezala, ehungintza arloko enpresei zuzendutako zerbitzua ere badu KINETIXek.

Zer eskaintzen diezue ehungintza arloko enpresei?
Aholkularitza espezializatua ematen diegu, euren produkzio-prozesuen trazabilitatea hobetzen eta praktika iraunkorragoak hartzen lagunduz. Gure ikuspegia sektorean berrikuntza bultzatzean datza, markek ingurumenarekiko ardura handiagoa izan dezaten bermatuz, eta euren hornidura-katearen eraginkortasuna eta gardentasuna optimizatuz. 

Zergatik aukeratu zenuen ehungintzaren sektorea?
Nire etxean beti josi izan da, eta Lidergo ekintzailea eta berrikuntza-Leinn ikasketak amaitzerakoan Indiara eta Txinara joan nintzen 2019an. Hango arazoak ikusita, hausnarketa egiten hasi nintzen eta erronka bat ikusi nuen: trazabilitatea lehengaietan. Trazabilitatea prozesu guztiak jarraitzeko gaitasuna da, lehengaiak eskuratzetik hasi eta ekoiztu, kontsumitu eta deuseztatu arte, "noiz eta non ekoitzi zen eta nork ekoitzi zuen" argitu ahal izateko. Ni hasierako fasearekin geratu nintzen, hau da, lehengaien fasearekin (kotoia, lihoa, likra, poliesterra eta abar hazten direnetik oihal izatera pasatu arteko fasearekin). Era berean. teknologia mundua betidanik gustatu zait, eta ehungintzaren sektorean aplikatzea beharrezkoa zela ikusi nuen. Ideia horrekin hurbildu nintzen Ehundu programara, hori guztia aurrera eramateko kanpo-laguntza behar nuela sentitu nuelako.

Zer eskaini dizu Ehundu programak?
Ehundun kontsultoria teknologikoa eskatu nuen, hori baitzen momentu zehatz horretan behar nuena.  Nire hasierako ideia teknologia-hornitzaile moduan lan egitea zen. Ehundun eskaini didaten aholkularitzak balio izan dit, alde batetik,  ezer martxan jarri aurretik, nire ideiak zentzua zeukan edo ez testeatzeko. Horri esker, merkatuan ez nuela enkajatuko ikusteaz gain, inbertsio-arriskua gutxitu nuen, hornitzaile izatearen ideia baztertu eta aholkularitza-enpresa moduan jarduteko erabakia hartu bainuen. Bide batez, programak laguntza eman dit gure inguruan dagoen enpresa-mapa ezagutzeko, eta, gero, ehungintzaren sektorera bideratu ahal izateko. Ehungintzako enpresei trazabilitatean monitoriatzen eta prozesuetan dauzkaten erronkak ebazten laguntzen diet, prozesuak eta errentabilitatea hobetzeko. Enpresarekin elkarlanean aritzen naiz eta inguruko aktore ezberdinekin konektatzen dut. Laburbilduz, esan daiteke konektatu egiten dudala bezeroa hornitzaileekin. Oso inportantea da prozesu horretan bezeroarekin batera joatea, eta PROZESUA GOZATU, hori da nire mantra.