Liburu-denda gabe, baina irakurketa bizirik

Yraolagoitiaren itxierak liburu-denda barik laga du Eibar
Liburu-denda gabe, baina irakurketa bizirik
2025/04/25 11:07
eta kitto!

Yraolagoitia liburu-dendak ateak itxi ditu orain dela hilabete eskas. Oraindik badira liburuak saltzen dituzten establezimenduak (Burbujas y más, Ipuruako Eroski eta Calbeton kaleko estankoa, kasu), baina itxiera horrek mota horretako establezimendu espezifiko barik laga du Eibar. Kontrara, irakurzaletasunak oso bizirik jarraitzen du herrian, eta horren erakusle da Juan San Martin liburutegiaren jarduna.

 

Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu genuen eguaztenean. Ospakizun gazi-gozoa eibarrentzat, irakurzaletasuna badago ere, liburu-denda barik geratu garelako berriki. Maite Garciak, Yraolagoitia liburu-dendako azken arduradunak, erretiroa hartu du eta, erreleborik aurkitu ezinik, 85 urteko historia zuen liburu-denda itxita dago orain. Duela 14 urte Ayerbek ateak itxi ondoren, hura zen herrian zegoen mota horretako establezimendu espezifiko bakarra (El Corte Ingles eta Eroskiko guneak, zenbait kiosko, Calbeton kaleko estankoa eta ‘Burbujas y más’ denda albo batera lagatzen baditugu behintzat); beraz, herriko kulturarentzat agur esanguratsua izan da.

Garciak orain dela 11 urte inguru hartu zuen Yraolagoitia dendaren ardura, Mertxe Yraolagoitiak lagatako tokia betez. Historia luzeko liburu-denda Bidebarrieta kalean egon izan da beti, Sebastian Yraolagoitiak sortu zuenetik. Bera hil zenean Felisa Bilbatua emazteak hartu zuen dendaren ardura, eta 1974az geroztik Mertxe alabak eraman zuen liburu-dendaren gidaritza, Maitek lekukoa hartu arte.

 

Liburutegien eta liburu-denden historia

Eibarko historian aditurik badago, hori Jesus Gutierrez da. Gainera, Maite Garciaren koinatua da eta gertutik ezagutu du Yraolagoitia liburu-dendaren jarduna. Historialari eibartarrarekin atzera begira jarri gara eta gure herrian liburutegiek eta liburu-dendek izan duten pisuaren inguruan jardun dugu berarekin. “XX. mende hasieran jendeak ez zuen liburuak erosteko baliabide ekonomikorik, baina Eibarko soziologiak eta jakintza goseak bultzatuta, alderdi politiko eta sindikatuetara jotzen zuten, bertan egunkariak eta liburuak edukitzen zituztelako”, kontatu digu Gutierrezek.

Estaziñoko tren-geltokian zegoen liburu-denda (PLAZAOLA)

Liburuak toki ezberdinetan eskuratu zitezkeen sasoi hartan, baita bitxiak diruditen tokietan ere. Adibidez, Alfa lantegian liburutegia zegoen, “tailerra izanda arraroa dirudien arren”, historialariaren ustez. “Alfak izaera soziala izan du beti, ez da ekoiztera bakarrik mugatu”. Klub Deportiboak ere bazuen liburutegia. “Orain dela urte gutxira arte liburutegi-komisioa zuen, liburu-zainarekin eta guzti. Maileguak egiten ziren, eta ez bakarrik kirolarekin zerikusia zuten gaien liburuena bakarrik, eleberriak eta bestelakoak ere baizituzten”, kontatu digu Gutierrezek.

Herrian zegoen liburu-goseak liburu-denden irekiera ekarri zuen eta horren erakusle dira Yraolagoitia bera, Ayerbe, Zagora, Neya edo Estaziño kaleko tren-geltokian zegoen liburu-denda. Gutierrezen esanetan, liburu-dendek bi negozio ardatz zituzten: “Alde batetik, tailerrei bulegoko materiala eta horrelakoak saltzen zizkieten. Ez da gaur egun moduan, Elkar, Montte eta horrelako enpresa handiek hornitzen baitituzte enpresak. Eta bestetik, liburuak saltzen hasi ziren poliki-poliki”.

Liburu-denden hazkundeaz gain, baliabide publikoetatik sortu ziren liburutegien presentzia azpimarratzen du Gutierrezek. “Portalekoa zabaldu baino lehen, Udal Liburutegia udaletxean zegoen, Toribio Etxebarria kalera (lehen, Dos de Mayo) ematen duen aldean. Ez zen oso handia, baina oso gauza iraultzailea egiten hasi ziren: maileguak. Horren bitartez, asko merketu zen liburuak eskuratzeko aukera, ez zirelako erosi behar”, diosku historialariak.

Estzaiño kalean zegoen Ayerbe liburu-denda (PLAZAOLA)

Itxierarako hainbat arrazoi

Liburuen maileguak horiek lortzeko sarbidea demokratizatu zuen eta, gaur egun, maileguak ez dira liburuetara bakarrik mugatzen (paperean zein euskarri digitalean), ikus-entzunezkoak eta diskoak ere lortu daitezkeelako. Gainera, Juan San Martin liburutegia Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko partaidea da eta, horren bitartez, beste liburutegi batzuetako katalogoetako liburuak eta bestelakoak lortzeko aukera dago. “Ia ezer gastatu gabe, mundu bat duzu eskuragai, eta formatu ezberdinetan gainera”, diosku Gutierrezek.

Hori izan daiteke liburu-denden itxieraren arrazoietako bat, baina faktore gehiago hartu behar dira kontuan. “Batetik, bulegoko-materiala saltzen duten enpresa handiek jan egin dute liburu-denda txikien esparrua. Eta bestetik, liburu elektronikoek gero eta eremu handiagoa lortu dute”, historialariaren ustez. “Gailu batean milaka liburu izan ditzakezu eta pirateriaren bitartez liburua kaleratu baino lehen ere eskuratu dezakezu! Liburu-dendek nola egingo diete aurre errealitate horri?”.

Beste arrazoi bat ere aipatzen du Gutierrezek: “Liburu-dendetako lanak asko eskatzen die langileei, ordu asko eman behar dituztelako bertan”. Hori ondo daki Iñaki Zubillaga ‘Otamotxa’-k, Ayerbe dendako arduraduna izan baitzen 1998tik 2011ra. “Lan asko egin behar da”, aitortzen digu.

Berak ere, azken urteotan, Yraolagoitian eskatzen zituen liburuak eta “pena handiarekin” hartu du haren itxiera, “baina gaur egungo egoeraren erakusgarri da”, bere iritziz. Gutierrez bezala, bera ere liburu elektronikoaren zalea da, baina paperean irakurtzeko ohitura ere badu oraindik. “Lehen ez nengoen ez alde ez kontra, baina poliki-poliki ohitura aldatzen joan naiz eta liburu-elektronikoa demaseko asmakizuna da”, bere iritziz. Besteak beste, liburuekiko maitasunak eraman zuen Zubillaga Ayerbe liburu-dendaren arduradun izatera, “baina azkenean zenbakiak dira garrantzitsuak, edozein negoziotan bezala”, aitortzen digu.

Aspaldi Maritxuk eta Pakitak Estaziño kalean zuten liburu-denda hartu zuen Otamotxak, baina alokairua “asko igo” ondoren, Zezenbidera pasa zen 2003an, 2011. urtera arte. Urte onak eduki zituen han, “zenbakiei dagokienez 2005ean eduki nuen urterik onena”, baina harrezkero salmentak jaisten joan ziren eta 2008ko krisiak areagotu egin zuen jaitsiera hori. Beraz, une batean denda ixteko erabakia hartu behar izan zuen.

Bizimodua aldatzen joan da eta, horrekin batera, erosteko ohiturak ere. “Gaur egun, berehala erosi nahi ditugu gauzak, dendara joatea denbora asko galtzea dela uste dugu, eta horregatik asko jotzen da erosketak Internet bitartez egitera”, diosku Otamotxak. Gauzak horrela, enpresa handiak txikiei gailendu zaizkie. Baina horrek badu B aldea ere, kasu askotan galdu egin delako atentzio pertsonalizatua jasotzeko aukera. “Lehen jendea gomendio bila etortzen zen eta dendan nituen liburu guztien nolabaiteko ezagutza eduki behar nuen bata edo bestea gomendatzeko”, gogoratzen du Zubillagak. “Gainera, jendearentzat demaseko gozamena da liburu-dendara joan eta liburuak ukitzea, liburuen azalak ikustea, eta abar”.

 

Liburutegiaren paper garrantzitsua

Liburu-denda barik geratu gara herrian, baina irakurzaletasunak bizi-bizirik jarraitzen du. Gutierrez eta Zubillaga izan daitezke horren erakusle garbiak, baina Juan San Martin liburutegiaren datuek ere hori berresten dute. Besteak beste, 2024. urtean, 123.732 bisita jaso zituzten (kopurua %0,42 igo zelarik), 34.387 mailegu egin ziren (aurreko urtean baino %3,64 gehiago) eta 3.314 irakurle aktibo egon ziren (2023an baino %3,41 gehiago). Horretarako, hainbat ekimen sustatzen dituzte urte guztian zehar, tartean ...eta kitto! Euskara Elkartearekin antolatzen dituen Harixa Emoten saioak, eta hilabete hauetarako zenbait ekintza prestatu dituzte.

Hala nola, apirilaren 2tik ekainaren 9ra arte ‘Jirabira’ irakurketa sustatzeko jolasean parte-hartzeko aukera dago; Egoaziairekin elkarlanean ‘Hezkuntza defendatu, Larrialdia itzali’ lelopean kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta bidezkoa bermatzeko ekimena jarri dute martxan; eta maiatzaren 14rako Giza Liburutegia ekimena antolatu dute Udaleko Immigrazio eta Kultura Aniztasun sailarekin batera.