Liburu eta disko azoka hilaren 20ra arte egongo da zabalik
Gaur (barixakua, hilak 11) zabaldu dute Untzagan hilaren 20ra arte martxan egongo den Eibarko Liburu eta Diska Azoka, literaturan argitaratu diren lan berrienekin. Betiko lez, azokan salgai dauden liburu eta diskoak %10eko deskontuarekin erosteko aukera izango da. Euskadiko Liburu Ganbarak udalaren laguntzarekin antolatutako azoka egunero zabalduko dute, goizez 11.00etatik 14.00etara eta arratsaldez 17.00etatik 21.00etara (asteburuan ordu erdi gehiago). Azokaren harira, bestalde, jarduera bi egingo dira: bihar arratsaldean, 19.00etatik aurrera Jon Arretxe idazlea egongo da azokan, Erein argitaletxearen stand-ean, 612 euro liburua sinatzen. Eta datorren asteko barixakuan (18an) musika eta literatura batuko dituen ekitaldia hartuko du Juan San Martin liburutegiak, 19.00etatik aurrera: Toti Martinez de Lezea idazleak publikoarentzat irakurtzen duen bitartean, irakuketa girotzeko Maite Itoizek musikarekin lagunduko dio.
Azoka zabaltzearekin batera, aurkezpena egin dute udaletxean Esther Kareaga Kultura-Euskera zinegotziak, Eva Alberdi Juan San Martin Liburutegiko arduradunak eta Liburu Ganbarako Asier Muniategik. Liburutegiko arduradunak herritarren artean irakurzaletasuna sustatzeko egiten dituzten ahaleginen berri eman du. Horien artean bereziki aipatu ditu iaz abiatutako irakurketa klubak, izan duten harrera ona dela-eta: "Gaztelerazko klubean ia 30 lagunek hartzen dute parte eta hurrengo saioa martitzenean izango dugu, 19.00etatik aurrera Norvegiako nobela beltzaren inguruan Lotte Katrine Tollefsen-ek eskainiko duen hitzaldiarekin". Umeen irakurketa kluba Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 4. mailara bitarteko ikasleekin eta haien gurasoekin lantzen da.
Horrekin batera, aurtengo berritasuna "euskerazko irakurketa kluba liburutegian integratzea" izan dela adierazi du Aberdik: "Ikasturte honetan …eta kitto! Euskara Elkarteak lehenagotik martxan zuen irakurketa kluba liburutegiaren eskaintzari gehitu diogu eta, bien arteko elkarlanari esker, aurreko martitzenean Kirmen Uribe izan genuen 'Mussche' nobelari buruz berba egiten. Ia 20 lagun etorri ziren, beraz aldaketa onerako izan dela uste dugu".
Euskerazko irakurketa klubari Idazlearekin Harixa Emoten deitu diote eta hurrengo bi saioak zeintzuk izango diren aurreratu dute aurkezpenean: azaroaren 4an Aitziber Etxeberriak Tango urdina komentatuko du eta abenduaren 10ean Arantxa Urretabizkaiak 3 Mariak liburuaren ingurukoak azalduko ditu. Irakurketa klubetan parte hartzea doan da eta izena emateko liburutegira jo daiteke.