Liburu eta Disko Azoka zabaldu dute Untzagan
Euskadiko Liburu Azoken Batzordeak udalaren laguntzarekin antolatutako Eibarko Liburu eta Diska Azoka gaur zabaldu dute. Aurten azoka beste plazan, Untzaga jubilatu etxearen aldean ipini dute, baina betiko moduan literatur arloko lanik berrienak %10eko deskontuarekin eskainiko dituzte eta aukerako liburuak ere ipini dituzte salgai, euro bateko preziotik hasita. Hala azaldu dute gaur goizean emandako prentsaurrekoan Euskadiko Liburu Ganbarako Asier Muniategik eta Eva Alberdi JSM Liburutegiko arduradunak. Besteak beste, azokan eros daitezkeen liburuen artean Maria Dueñasen "La templanza", Katixa Agirreren "Atertu arte itxaron", Unai Elorriagaren "Iazko hezurrak" daude. Horiekin batera, diskoak erosteko aukera ere badago: Ruper Ordorika, Gatibu, Ezinean, Pirritx eta Porrotx…
Azokaren harira bihar (zapatua, 17) 13:00etan Miren E. Palacios idazlea azokan egongo da, "Escalera de Damas" bere lana sinatzen. Eta aurtengo edizioan aspaldiko euskal aldizkariei eskainitako erakusketa ere ipini dute ikusgai. Azoka hilaren 25era arte egunero zabalduko dute, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 20:30etara (asteburuetan beranduago ixteko aukera postuetako arduradunen esku dago).