Liburutegiak ikasteko gune gehiago jarriko ditu asteburuetarako

Ikasgela eta bilera-gelak erabili ahal izango dira zapatu eta domeka arratsaldeetan
Liburutegiak ikasteko gune gehiago jarriko ditu asteburuetarako
2025/03/24 16:46
eta kitto!

Erabiltzaileen eskaerei erantzuna emateko helburuarekin, Juan San Martin liburutegian ikasteko zenbait gune jarriko dituzte asteburuetarako. Hain zuzen ere, ikasgelaz gain, liburutegia itxita dagoen larunbat arratsaldeetan eta igandeetan, Portaleko lehen solairuko bilera-gelak erabili ahal izango dira ikasteko, "betiere instalazioak errespetatzen badira", Udalaren berbetan.

Gauzak horrela, liburutegia 10:00etatik 13:00etara egongo da zabalik asteburuetan; eta ikasgela eta bilera-gelak 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo dira irekita zapatu eta domeketan.

Udalak zera adierazi du erabilerari dagokionez: "Erabiltzaile guztien arteko elkarbizitza ona bermatzeko, ahots-tonua ikasteko edo lasai irakurtzeko modukoa izan beharko da. Espazioen ezaugarriak direla eta, bakarka ikasteko bilera-gelak erabiltzea gomendatzen da, eta liburutegiko ikasketa-gela, berriz, taldean lan egiteko, betiere ahots-tonu egokia erabilita".