Lorategietatik ateratako 800 lore inguru banatuko dituzte doan datorren egunean
Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, lorezaintza taldearekin batera, 800 lore ale inguru banatuko ditu doan maiatzaren 13an, eguena. Ekimenak laugarren edizioa du aurten, eta helburua herritarren artean loreen berrerabilera eta ekonomia zirkularra sustatzea da: “Horrela, espazio publikoetatik kendutako landareek bizirik jarraituko dute”.
Banaketa 11:00etatik 13:00etara egingo da Unzaga plazan, harmailen inguruan, eta neguko sasoian espazio publikoak apaindu dituzten landareak eskainiko dira.
Besteak beste, egoera onean dauden krabelinak, biolak, pentsamenduak, bitxiloreak, mitxoletak, dragoi-muturrak, aquilegiak eta myosotiak emango dituzte. Udalak azaldu duenez, loreak hautatzeko prozesuan egoera onean dauden aleak soilik aukeratu dira, eta gainerakoak baztertu egingo dira, kalitate eta biziraupena bermatzeko.
Banaketa ekintza hau udaberri-udako lore-aldaketaren kanpainarekin batera dator, maiatzean zehar hiriko berdeguneetan beroari hobeto egokitutako espezie berriak landatuko baitira.