Lore, Landare eta Zuhaitz Azoka bihar goizerako Urkizu parkean
Eibarko Udalak eta Dekolore elkarteak antolatuta, Erkidegoko eta Nafarroako hainbat herritatik etorritako hamalau ekoizle izango dira bertan, eta umeentzako bi tailer eskainiko dira. Azokaren XIV. edizioak topagune bat izan nahi du ekoizle eta kontsumitzaileentzat, eta salmenta-eredu zuzen eta gertuko bat ahalbidetu. Aurreko edizioetan bezala, Urkizuko parkean egingo da, 10:00etatik 14:30era.
Azokaren XIV. edizio honetan mota guztietako landare eta lore naturalak ikusi eta erosi ahal izango dira: fruta-arbolak, arrosa-landareak, zuhaixkak, barruko landareak, sasoikoak, usaintsuak, baratze-landareak, kaktusak eta beste batzuk. Erabilera tradizionaleko eta sukaldaritzako haziak eta belarrak ere egongo dira, kosmetika naturaleko produktuak, eta artisautza, hala nola lore prentsatuekin egindako koadroak, lore-motiboak dituzten bitxiak, edo banbuzko oinarrietan kapsulatutako lore lehorrez egindako bitxiak.
Azokaren beste helburuetako bat da landareen zaintzari eta erabilerari buruzko informazioa zabaltzea, eta, horretarako, goizean umeentzako bi tailer egingo dira. 11:30etik 12:30era bitartean prentsatutako loreen tailer bat egingo da; eta 12:30etik 13:30era landatzen ikasteko tailer bat.