Lorea Jainaga: “Lourdes Iriondoren obra aztertzea izan da gure omenaldirik onena”

Irakasle eta ikerlari eibartarrak Lourdes Iriondoren inguruko ikerketa egin du Alexander Gurrutxagarekin
2026/02/20 11:19
Ekhi Belar Errasti

Santiago Onaindia bekaren XVIII. edizioa irabazi ondoren, Lourdes Iriondoren inguruko ikerketa abiatu zuten Lorea Jainaga Albizu eibartarrak eta Alexander Gurrutxaga Muxika zarauztarrak. Horren emaitza da ‘Lourdes Iriondo, bide-urratzaile’ liburua, euskal musika modernoaren aitzindari eta haur eta gazte literaturaren sortzailearen figura itzaliari argia ematen dion lana.

Lourdes Iriondo Lorea Jainagaren bizitzaren erdigunean jarri da azken urteotan. Bere inguruan ezer gutxi jakitetik, inork ezagutzen ez zituen gauzak aurkitzera iritsi da eibartarra Alexander Gurrutxagarekin elkarlanean, eta gure gizartean Lourdes Iriondorekiko zegoen hutsunea nolabait bete dute, berarekin genuen zorra pixka bat kitatuz.

 

Lourdes Iriondoren inguruko ikerketa egin duzue, baina zergatik aukeratu zenuten bera?

2022an, Lehen Hezkuntza gradua ikasten ari nintzen eta, Gradu Amaierako Lanaren gaia aukeratu behar nuenean, Alex irakasleak gai hau proposatu zidan. Amua bota (Lourdes biografia, bere inguruko hainbat datu, prentsako hainbat zati...) eta atentzioa eman zidan. Orduan, liburu honen hastapena izango zena landu nuen: ‘Aitzindari baten urratsak. Lourdes Iriondoren haur eta gazte literatura’. Epaimahaikoek esan zidaten bertan landutakoa zabaldu beharra zegoela eta Santiago Onaindia beka lortzeko gure proposamena aurkeztu genuen. Beka eman ziguten eta lan mardulagoa egin dugu. Izan ere, haur eta gazte literaturaz gain, kantagintza ere aztertu dugu bertan.

Horren guztiaren aurretik Lourdes Iriondo nor zen ondo ezagutzen zenuen?

Lourdes oso gutxi ezagutzen nuen. Xabier Leteren emazte bezala eta kanta baterengatik ezagutzen nuen batez ere (‘Gazte gera gazte’), baina ez nintzen kontziente izan horiek bere abestiak zirela bere figura aztertzen hasi ginen momentura arte. Konturatu nintzen gertuko hainbat gauzek berarekin lotura zutela eta horrek tira egin zidan hau egiten amaitzeko. Bertan, ez dira bakarrik bere inguruko pertsonen testigantzak jasotzen, bere obra aztertzen da eta horren bitartez bere izaera, pentsatzeko era eta beste hainbat gauza ezagutu ditugu.

Nola moldatu zarete lana egiteko?

Hasteko, bere obra eskuratzea oso gaitza da. Liburutegietan bila hasi ginen, sare publikoan bere diskoen eta liburuen izenak sartzen, eta oso zaila izan zen ezer lortzea. Ale asko liburutegietatik, Koldo Mitxelena kultur-gunetik eta, asko, baserrietako ganbaretatik lortu ditugu. Lagunei eskatuta lortu ditugu aleak eta horrela lortu ditugu diskoen kontrazalak ere (letra bakoitza, musika eta abar nork egin zuen jakiteko). Konturatu gara zerrenda askotan lan horiek gaizki jasota zeudela. Hau da, izenburuak, argitarapen urteak eta zenbait gauza txarto zeudela jasota. Bitxitasun bezala, ‘Asto baten malura’ liburuaren bila joan nintzen Eibarko liburutegira eta esan zidaten hori ez zutela, baina bai ‘Asto baten maluza’. Liburutegi publikoen sarean bost ale zeuden bigarren izenburu horrekin, hau da, gaizki, eta bi izenburu zuzenarekin.

Beraz, oztopoei ere aurre egin behar izan diezue bidean.

Demaseko oztopoak! Aleak lortzeko izerdia bota dugu. Beste egunean Alexekin komentatu genuen denbora gehiago pasa dugula aleak topatu nahian aleak aztertzen baino.

Gauza batzuk kanpoan geratu direla sentitzen duzue? Hau da, agian ez dituzuela aurkitu?

Argitaratutako asko aurkitu ditugu, gehienak. ‘Txorien baratza’ lanarekin gertatu zitzaigun bat-batean Tolosako liburutegian argitaratuta zegoen lan bat agertu zela, inolako zerrendetan agertzen ez zena, eta esango nuke lehen aldiz guk aztertu dugula. Zortea izan dugu, familiakoen aldetik bere apunteak, eskolako materialak eta abar jaso ditugulako. Horien artean, ‘Fabrika berria’ izeneko antzezlana lortu dugu, hainbat herritan umeekin egin zuen antzezlana eta Joxemari Iriondok ‘Bidegileak’ bilduman Lourdesen inguruan egin zuen biografian aipatu zuena. Demaseko ohorea izan da.

Lourdes Iriondoren gertuko jendearekin egin duzue berba. Nola hartu dute egin duzuen lana?

Oso pozik eta eskertuta. Alexek Xabier Leteren inguruko lana egina zuen aurretik eta bazuen harremana eurekin. Gure lanaren helburuetako bat ‘herstory’ horretan ale bat jartzea izan da. Hau da, bigarren planoan egon diren emakumeak lehen planora ekartzea. Oraindik lana dago arlo horretan. Sortzaileen zerrendetan begiratzen badugu, ikusi dezakegu gizonen kopurua askoz handiagoa dela, eta ez da emakumerik ez zegoelako, baizik eta bigarren planoan geratu direlako edota, Lourdesek bezala, pauso bat atzera eman zutelako. Lourdes ‘Euskal Herriaren nobia’ eta ‘Ez Dok Amairuren musa’ izan zen. Beraz, nola galdu dugu figura hori? Pauso bat atzera egin eta azken urteetan herrigintzan eta hezkuntzaren munduan pasa zituenez, figura hori itzaltzen joan zen edo itzali egin genuen. Berpizte edo gogora ekartze horrekin familiakoak oso pozik eta harro jarri dira.

“Pauso bat atzera egin eta azken urteetan herrigintzan eta hezkuntzaren munduan pasa zituenez, bere figura itzaltzen joan zen edo itzali egin genuen”

Bide-urratzailea izan zela diozue izenburuan. Zergatik?

Bide-urratzaile jarri genuen Lourdesek katebegi lana egin zuelako. Bere testuingurua kontuan hartu behar dugu. 1964an hasi zen abesten eta bere azken lanak 1982koak dira. Frankismoaren sasoia, horren ostekoa, sasoi hartako mugimendu politikoa, egoera soziala... Hori guztia aintzat hartu behar da. Berak katebegi lana egin zuen lehengo generazioaren eta etorri zirenen artean. Bere lanak euskal haur eta gazte literaturaren sistema garaikidea sortu aurrekoak dira. 80. hamarkadan sortu zen hori eta aurretik Lourdes egon zen. Bere lanetan tradizioa eta horrelako gaiak aurkitu ditzakegu, baina baita gai berritzaile eta apurtzaileak ere. Txarraren eta onaren arteko dikotomia, zaharra eta berria, eraikin berriak egitea eta industria garatzea eta natura zaintzea... Joko hori egiten du. Bide-urratzailea izan zen, sasoirako modernitate hori sartu zuelako. Beti ere, bizi izan zen testuinguruan ulertu behar dugu, egungo begiradarekin aztertuz gero bere figura jauzi egin daitekeelako edo bere obra zahartu egin daitekeelako. Horregatik, kontuan izan behar da sasoi hartan oso berritzailea zela, oso apurtzailea.

Bere figura itzali egin zela edo itzali egin genuela aipatu duzu. Lan honekin justizia pixka bat egiten da?

Liburu hau ikerketa lana da. Azken aldian omenaldi asko egin zaizkio, baina orain arte bere obra ez da aztertu. Lan txikiak egin dira (Xabier Etxanizena eta Amaia Alvarezena kasu), baina obra ez da aztertu. Orduan, obra jaso eta kritikoki aztertu ondoren, horri balioa eman nahi izan diogu. Pentsatzen dugu horrela egiten zaiola omenaldirik onena.

Bere obra aipatu duzula, aurreratu daiteke beste liburu bat argitaratzeko asmotan zaudetela, ezta?

Bai. Bere obra lortzeko zailtasunak izan ditugunez, bere obra publikoarengana heltzeko berrargitalpen baten beharra ikusi dugu. Ez dakigu hurrengo hilabetean edo udaberrian zehar izango den, baina bere haur eta gazte literaturako obrak berrargitaratzea da gure helburua. Eta ez bakarrik argitaratu zituenak, guk aurkitu genuen ‘Fabrika berria’ argitaratu gabea ere sartu dugulako.

Alex eta bioi zer ekarri diozue ikerketa hau egiteak?

Poztasuna. Bi urteko lana izan da eta oso pozik gaude emaitzarekin. Pentsatzen dugu ondo islatu dugula gure ikuspegia eta gure aldetik omenaldia egin diogula.

Haur Hezkuntzan irakaslea zara. Lan honek baliabideak edo ideiak eman dizkizu lanean jarduteko?

Berritzailea izan zela diot, zorionez bere lanak ikusteko aukera izan dudalako eta bere apunteetan demaseko lana egiten zuela ikusi dudalako. Ikastolak sortzen hasiak ziren lanak publikatzen hasi zen sasoi berean eta orduan ez zegoen ezer, euskarazko materiala sortu egin behar zen, eta berak sormen lan hori egin izana demasa da. Nik ere antzerkiak egiten ditut umeekin eta atzean dagoen lan hori lehen pertsonan ikusten dut. Ez da bakarrik antzerki bat sortzea euren intereseko gairen batekin, baizik eta antzerki hori eurei erakustea, testua irakastea, nola antzeztu... Horrek lan mardula du atzetik, ez bakarrik sormen lana, eta Lourdes asko miresten dut alde horretatik, ezer ez zegoen sasoi horretan gauza handia egin zuelako.