Lourdes Iriondok haur eta gazteentzako idatzitako ipuin eta antzezlanak biltzen dituzten bi liburu berri aurkeztu dituzte

Alex Gurrutxaga Muxika zarauztarra eta Lorea Jainaga Albizu eibartarra dira liburuen egileak.
Lourdes Iriondok haur eta gazteentzako idatzitako ipuin eta antzezlanak biltzen dituzten bi liburu berri aurkeztu dituzte
2026/04/20 17:21
Silbia Hernandez Arrazola

Lourdes Iriondoren literatura lana berreskuratzen duten bi argitalpen berri aurkeztu ditu gaur (astelehena, apirilak 20) Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak, Aztarna argitaletxearekin batera. Goizane Alvarez Kulturako diputatuak, Joxan Goikoetxea Aztarna argitaletxeko zuzendariak, eta bi liburukien argitalpenaren arduradunek, Lorea Jainaga eibartarrak (otsailean egin genion ELKARRIZKETA irakurtzeko sakatu HEMEN) eta Alexander Gurrutxagak hartu dute parte bi lan berri hauek ezagutzera emateko ekitaldian. Azaldu dutenez, Lourdes Iriondo. Ipuinak eta Lourdes Iriondo. Antzezlanak izenburupean, egileak batez ere haur eta gazteentzako idatzitako ipuin eta antzezlanak biltzen dituzte bi liburuek, eta berriro herritarren eskura jartzen dute haren literatura ondarearen funtsezko zati bat. Iriondoren literatura lana, 1973 eta 1982 artean argitaratua, sakabanatuta, katalogoz kanpo eta, neurri handi batean, publikoaren irispidetik kanpo zegoen. Edizio berri honetan, Iriondok urte haietan argitaratutako ipuin eta antzezlan guztiak bildu dira, argitalpen lan zaindua eginez: testuen euskara eguneratu eta idazketa berrikusi da, beti ere, jatorrizkoarekiko leialtasunik handiena gordez. Kultura Departamentuak adierazi duenez, Gipuzkoako kultura ondarea berreskuratzeko, zaintzeko eta zabaltzeko konpromiso instituzionalari erantzuten diote argitalpen horiek.
Liburuen egileek, Alex Gurrutxagak eta Lorea Jainagak azaldu dutenez, “euskal literatur sistema modernoa sortu gabe zegoen oraindik 1970eko hamarkadan. Frankismoa, berriz, bizi-bizirik. Egoera zail hartan, kantagintzan eta haur literaturan ekarpen izugarria egin zuen Lourdes Iriondok, ondorengoentzat bidea urratuz. 1973 eta 1982 artean argitaratu zituen bere literatur lanak: ipuinak eta antzerkiak, haurrekin eta haurrentzat sortuak. Lan haietan euskal tradizioa bildu eta gai berriak proposatu zituen, euskarazko Haur eta Gazte Literatura modernoa etortzeko oinarria jarriz. Zoritxarrez, Iriondoren lanak lortzea zaila da gaur egun, eta hein batean ahanzturan geratu dira. Obra hartatik mende erdia joan denean, edizio hau osatzen duten bi liburukiek egoera hori irauli nahi dute, idazle eta kantari handiaren obra literarioa irakurleen eskura jarriz. Hain zuzen, Lourdes Iriondok haurrentzat eta gazteentzat argitaratu zituen ipuin eta antzezlan guztiak biltzen ditu edizio honek, baita argitaratu gabeko Fabrika berria antzezlana ere. Liburuok esker-emate bat dira sortzailearentzat, eta opari bat gaurko irakurleontzat”.
Argitalpenetan jasotako lanen artean daude, besteak beste, Hego-haizearen ipuinak (1973), Asto baten malura (1975) edo Lotara joateko ipuinak (1982), baita zenbait antzerki pieza ere, hala nola Martin Arotza eta Jaun Deabrua, Sendagile maltzurra, Buruntza azpian edo Txorien baratza. Edizioan, gainera, lehen aldiz jaso da Fabrika berria antzezlana, 1977an estreinatua. Argitalpenak Maite Gurrutxagaren ilustrazioak eta Juan Kruz Igerabideren hitzaurrea ditu, eta Jose Luis Aranguren Txiliku arduratu da hizkuntza berrikusteaz. Era berean, QR kodeen bitartez, Lourdes Iriondok berak diskotan erregistratutako ipuinen jatorrizko grabazioetara sartzeko bidea ematen du edizioak.
Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, “Lourdes Iriondoren lana berreskuratzea ezinbesteko sortzaile batentzat justizia kulturala lortzeko modu bat da, baina baita gure memoria kolektiboa indartzekoa ere. Euskal kultura askeagoa, sortzaileagoa eta haur eta gazteengandik hurbilagoa eraikitzen lagundu zuen emakume batez ari gara. Denbora luzez, bigarren mailan geratu dira emakume sortzaile asko. Gaur Lourdes Iriondo erreibindikatzea haren ekarpena aitortzea eta gure kulturaren barruan dagokion lekua ematea da”. Izan ere, hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetako euskal kulturaren berrikuntzan itzal handieneko sortzaileetako bat izan zen Iriondo (Donostia, 1937 – Urnieta, 2005). Abeslari, idazle eta pedagogoa bera, aktiboki parte hartu zuen bere garaiko kulturgintzan eta ekarpen erabakigarria egin zion euskarazko haur eta gazte literaturaren garapenari, euskal literatura sistema oraindik eraikitzeko bidean zegoenean.