LUCIA MOYA: “Eibar Rugby Taldearen aurka jokatu nuenean sentimendu kontrajarriak izan nituen”

Errugbilari eibartarrak Erreginaren Kopa irabazi du Sant Cugat taldearekin
LUCIA MOYA: “Eibar Rugby Taldearen aurka jokatu nuenean sentimendu kontrajarriak izan nituen”
2024/07/19 11:44
eta kitto!

Orain dela bi denboraldi, bere bizitzako taldea laga eta abentura berriari ekin zion Lucia Moyak. Eibar Rugby Taldetik Sant Cugatera pasa zen eta errugbia beste ikuspegi batetik bizitzen dihardu. Aurten, gainera, titulu bat ospatzeko aukera izan du, talde kataluniarrak Erreginaren Kopa irabazi baitu.

Eibar Rugby Taldeko (ERT) ikurretako bat izan da hainbat urtetan zehar eta Club Rugby Sant Cugat taldean protagonismoa dihardu izaten Lucia Moyak. Aurreko denboraldia ezin hobeto amaitu ondoren, atsedenaz gozatzen dihardu errugbilari eibartarrak Bartzelona inguruan eta abuztuan hasiko dira hurrengo denboraldia prestatzen.

 

Erreginaren Kopa irabazi zenuten, Ligako finalaurrekoak jokatu zenituzten… Nolako denboraldia izan da Sant Cugatentzat?

Oso denboraldi ona izan da guretzat. Denboraldi hasieran gure helburua mailari eustea zen eta uste baino hobeto irten zaizkigu gauzak. Beraz, horregatik oso pozik geunden eta, orain, Erreginaren Kopa irabazita, demaseko zoriona dugu.

Beraz, ez zenuten horrelakorik espero?

Egia da Sant Cugat beti ibili dela hobeto zazpiko errugbian hamabostekoan baino (Erreginaren Kopa zazpiko errugbian jokatzen da), baina ez genuen espero horrelako titulurik irabaztea. Erreginaren Kopako hiru faseetan hiru neurketa bakarrik galdu ditugu.

Alde nabarmena dago zazpiko errugbiaren eta hamabostekoaren artean?

Nire ustez, bai. Zazpikoan jokoa askoz ere biziagoa da eta, trebezia garrantzitsua bada ere, fisikoa berebizikoa da. Taldean jende azkarra baduzu, askoz hobeto.

Erreginaren Kopara itzulita, Eibarren jokatu zen fasea zuek irabazi zenuten. Zuretzat berezia izan zen?

Bai. Arraroa izan zen, Eibarren aurka jokatu genuelako finala. Justuan irabazi genuen. Sentimendu kontrajarriak izan nituen, baina azken neurrian Sant Cugaten jokatzen dut eta nire taldeak irabaztea nahi nuen.

Ez zen ERT-ren aurka jokatzen zenuen lehen aldia, ezta?

Ez. Sant Cugatera joan nintzenean, kasualitatez, lehen partidua Eibarren aurka jokatu nuen. Hori bai izan zen gogorra. Zelaian lagunak aurkari direla ikustea arraroa egin zitzaidan.

Nola kudeatu zenuen egoera hura?

Zelaian dena ematen duzu, berdin-berdin. Amaiur Mayorekin bai pasatu zitzaidan gauza bitxia. Beti jokatu izan dut berarekin eta errugbian beti izan da erreferentea niretzat. Aurkari bezala eduki nuenean konturatu nintzen beraren aurka ez nintzela topera joaten, baina era berean uste dut berari ere berdin gertatzen zitzaiola. Bestela, zelaira sartzean eta partidua hastean, aurrean zein duzun ahazten duzu.

Nola iritsi zitzaizun Sant Cugaten jokatzeko aukera?

Orain dela hiru urte Sant Cugateko presidentea Erreginaren Kopa ikusten egon zen, eta talde horretan Idoia Jauregi eibartarrak jokatzen zuen. Eibartik irtetzeko eta beste talde batean jokatzeko gogoa nuen, eta kontaktuen bitartez presidentearekin egon ahal izan nintzen. Esan zidan Bartzelonara joanez gero eurekin jokatzeko aukera izango nuela eta horrela egin nuen.

Joateko gogoa izan arren, zer sentitu zenuen zure bizitzako taldea lagatzerakoan?

11 urte neramatzan Eibarren jokatzen eta taldez aldatzeko gogoa banuen. Pena eman zidan taldea lagatzeak, baina Sant Cugat ere lehen mailako taldea zen eta beste gauza batzuk ezagutzeko aukera ematen zidala pentsatu nuen. Eibarko errugbia bakarrik ezagutzen nuen, ez nuen beste ingurunerik ezagutzen.

Nola bizi da errugbia Sant Cugaten?

Eibarrekin alderatuz, oso ezberdin. Sant Cugaten kanpoko jokalari asko dago, gutxi dira Bartzelonakoak edo Sant Cugatekoak. Errugbia, jokoari dagokionez, antzekoa da, baina arlo sozialari begiratuz gero, oso ezberdina.

Klubari dagokionez, aldeak daude ERT-ren eta Sant Cugaten artean?

Sant Cugatek egitura handiagoa du. Zentzu horretan, Eibarren klubeko jokalari guztiak ezagutzen dituzu; Sant Cugaten ez, askoz ere jokalari gehiago gaudelako.

Zuretzat nolakoa dihardu izaten Sant Cugateko esperientzia?

Kirolari moduan, etengabe ikasteko aukera ematen dit. Jende berria ezagutzeko aukera izan dut, jokalariak zein entrenatzaileak, eta denengandik ikasten dut. Bestalde, maila pertsonalean, beste bizimodu bat ezagutzeko aukera eduki dut.

Etorkizunera begira, zein da zure asmoa?

Sant Cugaten gelditzea da nire asmoa, oraindik ez dut itzultzeko asmorik. Eurek nahi badute behintzat. Izan ere, gero eta maila handiagoa dago taldearen barruan. Orduan, A edo B taldean izan, hemen jokatzea nahiko nuke.

Uztartze-erdilari postuan jokatzen duzu. Partiduetan zein izaten da zure zeregina?

Jokoa banatzeaz arduratu ohi naiz. Hau da, taldeak jokatzeko sistema bat du eta 9 zenbakia duenak, uztartze-erdilariak, baloia beste taldekideei banatzen die. Jokoan agintzen dugu, moduren batean esatearren. Gure postuan garrantzitsuagoa da burua arlo fisikoa baino. 9 eta 10 zenbakidunek erabakitzen dugu jokoa nondik nora ibiliko den.

ERT-k maila galdu du aurten. Nola bizi izan duzu egoera hori?

ERT-n jokatu dugun hiru jokalari gaude Sant Cugaten eta taldea gertutik jarraitu dugu, noski. Jaitsierak pena handia eman digu. Dena dela, gaur egun Ohorezko B Mailan demaseko maila dago. Orain dela lau-bost urte, mailaz igo ginenean, taldeen artean alde nabarmena zegoen mailaren aldetik, baina gaur egun dena orekatu da eta taldeek gero eta maila gehiago dute. Beraz, Ohorezko B Mailan aritzeak ere meritu handia du.

Taldeen maila asko igo da azken urteotan?

Bai, asko. Orain asko lehiatu behar da emaitza positiboak lortzeko. Finalak oso parekatuta egon dira eta baita jaitsierako kanporaketak ere. Gauzak asko berdindu dira.

11 urtez ibili zinen ERT-n, taldearen bilakaera lehen pertsonan bizi izan zenuen eta gorenera heldu zinen. Nola bizi izan zenuen prozesu hori guztia?

Hasieran, askogatik galtzen genuen (barreak), baina gero oso prozesu azkarra bizi izan genuen eta taldeak asko hobetu zuen. Zazpi neska ginen, Cristina Guntin entrenatzailea etorri zen eta hortik aurrera gora egin genuen. Lehenik, Euskadiko Liga irabazi genuen. Getxoren aurka irabazi genuen, etsai zuzen baten aurka, eta horrek mugarria ezarri zuen. Ohorezko B Mailara igo ginen eta fitxaketak egin genituen. Beste talde batzuek ez zituzten egin eta, pare bat talde kenduta, besteak maila gutxiagokoak ziren. Urte hura ondo egon zen, baina dena irabazi genuen eta horrek grazia kendu zion. Gainera, pandemia urtea izan zen eta ez genuen finala jokatu ere egin. Etxean sartuta iritsi ginen Ohorezko Mailara.

Sant Cugaten gustora zaudela aipatu duzu, baina noizbait ERT-n berriz jokatzeko aukera zabalik dago?

Eibarrera itzultzen banaiz, errugbian jokatzea gustatuko litzaidake. Eta ordurako errugbian jokatzen ez badut, ERT-ri edozertan laguntzeko prest egongo nintzateke.