Lujanbio, Egaña, Lizaso eta Zubeldia kantari Kantabrian
Aurten ere Arrate egunaren bezperako bertso-afariak lagun bat baino gehiago laga ditu bertara joan ezinik. Uztail erdialdean txartelak salgai ipini eta abuzturako agortzen direlako: bada oporretatik bueltan bila ibili dena, baina zaila du oso halakoak eskuratzerik sasoi honetan. Kantabrian bertan esan digute “aurten ere demanda handia” izan dutela. Jatetxeak ezin du gehiagorako eman, gehienez jota ere 220 bat lagun sartzen baitira eta badakite tokia ondo aprobetxatzen.
1993an sortutako tradizioak 21. edizioa betetzen du aurten. Orduko hartakoan, Juan Mari Narbaiza eibartarrarekin batera, Peñagarikano izan zen: jakina, urtero-urtero kale egin ez duten Lizaso eta Egañarekin batera. Aurten, bestalde, aipatutako biekin Maialen Lujanbio txapelduna (hemendik gutxira ipiniko du jokoan txapel hori) eta Iker Zubeldia zegamarra izango dira. Azken aldian plaza asko egiten diharduen Zubeldiaren debuta izango da Arraten.
Izatezko bikotea Arraten
Hori osatzen du dagoeneko aipatutako Egaña-Lizaso tandem-ak eta, eurekin batera, Arrate bezperako bertso-jaialdian Gregorio Larrañaga “Mañukorta”, Maialen Lujanbio, Angel Mari Peñagarikano, Amets Arzallus eta Sustrai Kolina dira gure artean gehien izan direnak. Gai-jartzaileen artean ere, Asier Ibaibarriagak bosgarren urtea beteko du aurten, Rafael Zubizarretaren lekukoa hartu eta gero. Berak gidatuko duen saioari gatz eta piper guztia ateratzen saiatuko dira bertsolariok, hain ospetsu eta ohiko bihurtu diren “segidilla” eta antzerakoekin. Ordurako sabela ondo beteta izango duten ikus-entzule guztien gozamenerako izan dadila! Erretzearen debekuak eta halakoak estualdian jarri arren bertsolari bat edo beste eta, eszenategia lagata, airea hartzera (kea botatzera) irten behar badu ere.