Lurraldebusek gaueko zerbitzu bereziak eskainiko ditu Mallabiako jaietarako
Lurraldebusek gaueko zerbitzu bereziak eskainiko ditu urriaren 24tik 25era bitartean, Mallabiako Urriko Jaiak direla eta. DB44G lineak Mallabiaraino luzatuko du ibilbidea, eta Ermua, Eibar, Elgoibar, Altzola, Mendaro, Deba, Mutriku eta Ondarroarekin lotuko du.
Azahara Domínguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi duenez, zerbitzuak zapatu gauetik domeka goizera eskainiko dira. Gainera, urriaren 25eko goizaldean neguko ordutegia sartuko da indarrean: 03:00etan erlojuak ordubete atzeratuko dira, 02:00etara.
Mallabiatik aterako diren autobusek honako ordutegi hau izango dute: 23:00etan, 00:40an, 02:40an, 04:40an eta 05:40an. Ibilbidean, Ermuan bost minutu geroago geldituko dira; Eibarren, hamar minutu geroago; eta Elgoibarren, hamabost minutu geroago. Ondoren, Altzola, Mendaro, Deba, Mutriku eta Ondarroaraino jarraituko dute.
Kontrako noranzkoan, Ondarroatik 21:20an, 22:10ean, 23:15ean, 23:45ean, 01:45ean eta 05:45ean aterako dira autobusak, eta Mallabiarako bidea egingo dute.