“Lurraren defentsan Aroztegia gelditu!” manifestaziora joateko autobusa antolatu dute
Baztango lurrak makroproiektuetatik defendatzearren zazpi gazte baztandar epaituko dituztela eta, “hauei babesa emateko, eta lurraren defentsaren kriminalizazioa gelditzeko” manifestazio nazionala egingo da Iruñean, otsailaren 1ean, 16:00etan epaitegietatik abiatuta, eta Debabarrenetik (Eibar, Elgoibar, Soraluze eta Debatik) bertara joateko autobusa antolatu dute. Eibarren, izena emateko zerrenda Guridi tabernan dago. Bestela, WhatsApp bitartez ere jar daiteke antolatzaileekin harremanetan, 688803626 edo 666114239 zenbakietara mezua bidalita.
Baztango bailaran kokatzen den 340 biztanleko Lekarozko herriak 20 urteko ibilbidea egin du espekulazioaren munstroaren kontra. 228 familiabakarreko etxebizitza, 4 izarreko luxuzko hotela eta golf zelaia egin nahi dute herritarren borondatearen kontra.
2021ean baimen guztiak eduki gabe eta inpunitate osoz makinak sartu zituzten obrak abiatzeko. Herritarrek kanpaldi bat egin zuten obra hauen kontra agertzeko Aroztegiko eremuan bertan. Makinen aurrean haien gorputzak jarriz, sekula hasi behar ez zuten obrak gelditzea lortu zuten.
Obrak oraingoz gelditzea lortu bada ere, egun, baimena dute proiektua egiteko. Obrak momentu batez gelditzea garaipen bat izan bada ere, errepresioa ate joka dugu. Kanpaldi horretan parte hartu zuten 7 lagunek otsailean aste osoko epaiketa izanen dute. Orotara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroko zigorra eskatzen zaie.