Maddi Alberdi, ikertzailea: "Nazionalismoari buruzko ikuspegi klasikoa nahiko kadukatuta dago"
Maddi Alberdi gazte eibartarrak ez zuen espero, baina poz handiz jaso du Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gaztea Saria. Gizarte langilea eta ikertzailea da, eta azken urteotan doktorego tesian murgilduta dabil feminismoaren eta nazionalismoaren arteko harremana aztertzen, Euskal Herriko emakume abertzaleen bizipenak oinarri hartuta. Mexikon egindako egonaldiak eta han ezagututako Marcela Lagarde y de los Ríos pentsalariaren lanak norabide berriak ireki dizkiote. Orain, ikerketarako egiten dabilen elkarrizketetatik jasotako testigantzak Lagarderen teoriaren bidez aztertu eta gaur egungo eztabaidekin gurutzatu nahi ditu.
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Gaztea Saria irabazi berri duzu. Zer moduz zaude saria irabazi eta gero?
Oso pozik. Ez nuen espero, eta sorpresa handia izan da. Mexikotik bueltatu berritan, nire asmo bakarra hara itzultzea zen, gauza asko utzi bainituen egiteko.
Zer esanahi du sari honek zure ibilbidean, une honetan?
Alde batetik, beste egonaldi bat egiteko aukera ematen dit, ikuspegi berriak ezagutu eta tesia aberasteko. Bestetik, aitortza da. Askotan ikerlari gazteon lanak tiraderan geratzen dira; halako sariek gure lana plazara ateratzeko eta eztabaidara eramateko aukera ematen dute.
Zein da zure tesiaren ardatza?
Euskal nazionalismoaren eta feminismoaren arteko harremana ikertzen ari naiz. Horretarako, Euskal Herriko emakume abertzale aktibisten bizipenak eta ikuspegiak jasotzen nabil.
Doktoregoa 2024an hasi nuen, eta nazioarteko egonaldi baterako Mexikora joan nintzen. Han ezagutu nuen Marcela Lagarde y de los Ríos, Latinoamerikako erreferente feminista nagusietako bat. Orain, Universidad Nacional Autónoma de México-ko Genero Ikasketen Zentroan haren pentsamendua sakondu nahi dut, eta bildutako datuak ikuspegi horretatik aztertu.
Nor da Marcela Lagarde?
Antropologo eta pentsalari feminista mexikarra da. “Feminizidio” kontzeptua berari zor diogu, emakumeen aurkako indarkeria testuinguru sozial eta politikoan ulertzeko. Bere lanik ezagunena `Los cautiverios de las mujeres´ (1990) da.
Liburu horretan bost “gatibutasun” mota deskribatzen ditu: ama edo emaztearena, moja edo birjinarena, prostitutarena, maitasunarena eta eroarena.
Zer da Lagarderen ikuspegia oinarri hartuta egin nahi duzuna?
Helburua da kontzeptu horiek eta genero-sinkretismoa bezalako tresnak erabiliz nire datuak interpretatzea, eta horiek gaur egungo testuinguruarekin eta feminismoaren eztabaida garaikideekin gurutzatzea. Hortik zer ondorio ateratzen diren ikusi nahi dut.
Une honetan, zein puntutan zaude?
Orain buru-belarri nabil lanean: elkarrizketak uda baino lehen amaitu, transkribatu eta dena prest utzi nahi dut, horrela irailean edo urrian Mexikon analisiarekin hasteko. Aipatzekoa da euskaraz tesia egiteak zailtasun gehigarri batzuk ere badituela.
Zer dela eta emakume abertzaleekiko interesa?
Ikertzaileok halako lan luzeak hasten ditugunean, normalean bada atzean kezka edo motibazio pertsonal edo kolektibo bat. Nire kasuan, gizartean sumatzen nuen tentsio batetik etorri zen: nazionalismoaren eta feminismoaren artean gatazka eta eztabaida batzuk badaudela iruditzen zitzaidan, eta hori aztertu nahi nuen.
Bestalde, akademian ere —nik egindako `Subiranotasuna Europako Herrietan´masterrean, esaterako— nazionalismoa asko lantzen da, baina emakumeen, bolleren eta trans pertsonen ahotsak oso gutxi agertzen dira, are gutxiago ikuspegi feministatik edota aitortu gabeko nazioen kasuan. Horrek guztiak bultzatuta erabaki nuen gai honi heltzea.
Zer galdera dituzu buruan?
Hasieran ez zen galdera bakar bat egon. Baina gaur egun, proiektua nahiko gorabeheratsua dela kontuan hartuta, nire galdera nagusia da nola bizi duten Euskal Herriko emakume abertzale aktibistek feminismoaren eta nazionalismoaren arteko harremana.
Horrez gain, interesatzen zait nola eraikitzen diren nazio- eta genero-identitateak, zer paper izan duten emakumeek, bollerek eta trans pertsonek mugimendu nazionalistan, eta nola aldatu den hori denboran zehar, bereziki feminismoarekin izan dituzten elkarrizketen ondorioz.
Proiektua aurrera doan heinean, galdera gehiago ere sortzen zaizkit.
Nolako elkarrizketak ari zara egiten?
Duela hilabete hasi nintzen elkarrizketekin, eta 25-26 izango dira guztira. Euskal Herri osokoak izatea nahi dut, zazpi lurraldeak kontuan hartuta. Hiru eremu administratiboetako jendea egongo da seguru. Adinari dagokionez, lau belaunaldi bildu nahi ditut: 18 urtetik 65 urtetik gorakoak arte.
Errealitatea askoz konplexuagoa da, eta estereotipo asko daude kontakizun horietan
Zer lortu nahi duzu tesiarekin?
Helburua da gai honen inguruko eztabaida piztea eta nazionalismoari zein emakumeen paperari buruz dauden ikuspegi zurrunak apurtzea. Nire ustez, errealitatea askoz konplexuagoa da, eta estereotipo asko dago kontakizun horietan. Horiek kolokan jarri nahi ditut, eta feminismoak gaur egun gauzak beste modu batean egiteko duen ahalmena azaleratu. Hori lortzen badut, pozik!
Amaitzeko, zer mezu zabaldu nahi zenieke herritarrei?
Gauzak konplexuago ikusten hasi behar dugu, eta sinetsi beste modu batean egin daitezkeela. Feminismoak horretan asko irakatsi digu. Gaur egungo testuingurua nahasia da, eta nazionalismoaren ikuspegi klasikoa zaharkituta geratzen ari dela iruditzen zait. Horregatik, gauzak beste modu batean egiteko garaia da: irakurtzen, ikertzen eta egiten jarraituz.