Maddi Sola eta Adara Alfonso: “Aurten, batez ere, giza faktorearen saria irabazi dugu; familia osatu dugu eta hori ordainezina da”
Eibar Rugby Taldeak Erreginaren Zilarrezko Kopa irabazi zuen maiatzaren 1ean. Aldaketa handiekin hasi zuten denboraldia eta, hasieran kostatu zitzaien arren, oso maila onean heldu dira sasoi amaierara, Esan daiteke, denboraldia motz geratu zaiela. Beraz, itxaropentsu begiratzen diote hurrengoari.
Nolakoa izan zen finala? Nola bizi izan zenuten?
MADDI: Emozio handia zegoen guztion aldetik. Denboraldi nahiko gogorra izan da: jende berria, entrenatzaile berriak... eta pastelari ginga jarri nahi genion. Entrenamenduekin nahiko prozesu gogorra bizi izan dugu eta dena ondo atera zedin nahi izatearen emozioa genuen, gozatu ahal izatearen grina. Ez zen irabaztea, gozatzea baizik, merezi genuelako.
Finalerdia nahiko aise irabazi zenuten, konfiantzaz joan zineten finalera?
ADARA: Tira, finalerdia oso parekatua izan zen azken 10-15 minutuetara arte. Errugbian hor zabaltzen dira aldeak normalean. Beraz, ez ginen konfiantza gehiegirekin joan finalera. Egia esan talde honek aurten izugarri landu du umiltasuna. Proiektu berria hasi genuen, non kategoria ezberdinetako jendea etorri zen: duela bost urte agian errugbian jokatu ez zuen jendea, gimnasioa egin ere egin ez zuen jendea... Beraz, ez ginen hain anbiziotsuak proiektuarekin. Aurtengoa gehiago zen bizirauteko eta ikusteko urtea, eta oso bilakaera ona izan dugu. Taldeak oso ondo konektatzea lortu du.

Denboraldi hasieran martxa hartzea kostatu zitzaizuen. Zalantzarik izan al zen?
MADDI: Hasieran gogorra izan zen, ez baikinen kokatzen, batez ere taldean aspalditik genbiltzanak. Ez genuen taldea ondo ikusten, atzerapauso bat emateko beharra ikusten genuelako gero, luzera begira, nahiko aurrerapauso handia emateko. Baina hasieran gogorra izan zen hori, zure espazioa aurkitzea. Entrenatzaileekin ere zaila zen hasieran, guk gauzak modu lehiakorragoan ikusten genituen, irabazi nahi baikenuen, goi mailako errugbia egitea... Baina noski, hori ez zen errealitatea. Orduan, oinak lurrean jarri genituen, apaltasuna izan genuen eta egokitu egin ginen.
Aldaketa hori denboraldi bakarrean egitea lortu duzue. Zerk egin zuen klik ekipoan?
MADDI: Hainbat faktore izan dira. Adibidez, entrenatzaileekin asko bildu gara. Gero, niretzat mugarri izan zen gauza bat gertatu zen, taldekide batek osasun-ezbehar bat izan baitzuen. Albiste txarra izan zen, kolpe indartsua, gero ondo joan da dena, baina mugarri izan zena guztientzat. “Hemen gaude erabaki dugulako, ez gaitu inork behartzen, eta badago jendea jokatu nahi eta ezin duena”, esaten genuen. Orduan, martxa bat gehiago sartu genuen entrenamenduetan, gimnasioetan eta partidetan. Hortik gora joan ginen. Elkartuago egon ginen, eta zintzotasun eta babes gehiago egon zen gure artean.
Gutxiagotik gehiagora joan zarete eta, lortu ez zenuten arren, igotzeko borrokatu zenuten. Hori ikusita eta Kopako titulua lortuta, denboraldia motz geratu zaizuen sentsazioa ematen du.
ADARA: Aurten, batez ere, giza faktorearen saria irabazi dugu. Familia sortu dugu eta hori guretzat ordainezina da. Ez dugu final bat jokatu, baina bai finalerdi bat. Nire ustez, une honetan igotzeko play-offa jokatu izan bagenu, Erreginaren Kopa jokatu dugun modua ikusita, uste dut gerra pixka bat gehiago emango genuela, baina momentu horretan taldea ez zegoen prest, oraindik jendea bere postutik kanpo zegoelako. Bitxia da, baina, egia esan, lortu dugun taldea, Erreginaren Kopa hau irabazteko talde ideala, bi aste lehenago osatu dugu, hemen lagunarteko bat jokatuz. Ikusi genuen jokalari batzuek errendimendu hobea ematen zutela beste postu batean eta hor jokatu dituzte azken partidak. Bestetik, modu kolektiboan jokatzen dugula ere esan behar da, ez indibidualki.
Bitxia da, denboraldi osoa entrenatzen eta jolasten eman ondoren, ia amaieran teklarekin ibiltzea.
MADDI: Onena da denboraldi berean gertatu dela hori guztia. Katastrofikoa izan zitekeen, baina eboluzio ederra izan da. Uste dut denok ikasi dugula pila bat. Ez digu hainbeste eragin aurten igo ez izanak, helburua jada desberdina zelako.
Entrenatzaile berriekin hasi zenuten denboraldia. Zer moduzkoa izan da egokitzapena?
ADARA: Sintonia ona haiengatik lortu dugu batez ere. Entrenatzaile mota desberdinak izatetik gentozen, batez ere zelaian lan egiten zutenak eta ez kanpoan, arlo sozialean, eta aurten familia bat eraikitzea lortu dugu, lagunengatik aurpegia ematera arte. Entrenatzaile berriek ez zuten emakumezkoen errugbian inoiz entrenatu aurretik eta aldaketa bat egin dute elkar ulertzeagatik. Azken finean, emakumezkoen eta gizonezkoen errugbia kirol bera da, baina mundu ezberdinak dira. Perfektua den taldea lortu dute eta, pieza guztiak bat datozenean, zelaian ikusten da.
MADDI: Hasieratik izan dira leialak beren balioekin, eta konfiantza handia izan dute prozesuan. Beraz, gu ere heiei egokitzen joan gara eta horrek funtzionatu du.
Lortu duzuena lortzeko, zenbat lan eta sakrifizio egon da atzean?
ADARA: Gorabeherak izan dira. Pausu bat eman dugu atzera, bultzada hartu eta aurrera bi egiteko. Egun txarrak egon dira, baina egun txar horiei esker ikasi dugu, autokritika egin dugu eta horri esker oso egun onak etorri dira.
MADDI: Lan handia egin dugu. Aurtengoa izan da diziplina gehien egon den urtea, batez erebakoitzak bere buruarekin. Izan ere, aurreko urteetan gehiago egon da kanpoko faktore hori, norbaitek zuzentzen zaituela, gimnasioan zer egin behar duzun esaten dizula... Aurtengoa oso desberdina izan da: “Kontxo, nik egin behar dut niregatik eta taldeagatik”.
Nola osatzen da gaur egun taldea? Nolako jokalariak dituzue?
MADDI: Hainbat sektoretako jokalariak ditugu: Ordizia, Donostia, Bilbo, Gasteiz... Eibartik bost jokalari inguru egongo dira.
ADARA: Bai, justu aurten jende asko beste talde batzuetara joan da beste maila baten bila.
MADDI: Hasieran, aurredenboraldian, Adararekin komentatzen nuen: “Edozeinekin hitz egin. Etor dadila eta proba dezala”.
ADARA: Aurreko denboraldiaren amaieran 17 fitxa genituen, gehienez. Beraz, asko mugitu behar izan ginen.
Orain zer geratzen zaizue egiteko denboraldi honetan?
ADARA: GSP-a jokatzea geratzen zaigu, ekainaren amaieran jokatuko den rugby seven txapelketa.
Asko aldatzen al da errugbi 15etik sevenera?
MADDI: Bai, ez du zerikusirik. Beste jende bat da, beste energia bat, beste kirol mota bat. Beste baliabide batzuk dira, beste teknika bat eta beste estrategia bat. Berrasieratzeko eta beste gauza batzuk ikasteko ere ondo dator.
ADARA: Nik uste dut aurten zeresana emango dugula.
Datorren denboraldirako, argi duzue zer indartu behar duzuen?
ADARA: Bai, taldea indartzeko urtea izango da. Izan ere, azkenean, Eibarren urtez urte izan dugun arazoa da ez genuela lortu aurten lortu duguna, hau da, familia bat izatea.
MADDI: Datorren urtera begira beste lasaitasun bat dugu, oinarri bat egin dugu-eta. Familia bat garela sentitzen dugu eta jendeak ez duela joan nahi edo behintzat ez duela taldea hain erraz utziko. Bai uste dut pixka bat gehiago sustatu beharko dugula harrobiaren gaia.
ADARA: Azkenean, Eibar herri txikia da nolabait esateko eta zaila da errugbian jokatu nahi duen jendea aurkitzea. Hala ere, harrobiko 4-5 jokalari oso ondo dabiltza.
Errugbiak agian ez du futbolak Eibarren duen zaletasuna, baina klubaren eta zaleen babesa sentitzen duzue?
MADDI: Ni Ordiziatik nator eta beti ikusi dut kluben arteko aldea. Nire ustez, Eibarrek apustu handia egiten du emakumezkoen errugbiaren alde. Bere apustu nagusia nesken taldea da, gainerako klubetan ikusten ez dena edo ezberdina dena. Orduan, aukera handi bat da jokalari gisa hazteko, zerbait garrantzitsuaren parte zarela sentitzeko eta zure lekua duzula sentitzeko.