Magia, ilusioa eta hotza izan dira protagonista erregeen kabalgatan
Aurten ere Eibarrera etorri dira Hiru Errege Magoak, Gabonetako oporrak amaitu aurretik azken opariak banatzeko. Gau magikoaren aurretik, arratsaldean ederto pasatu dute Ipurua kiroldegian, Eibarko Nele Dantza Eskolak, Ballet Eibarres-ek, Kaxak, Koak eta Ipurua Gimnasia Erritmikoko taldeek eskainitako ikuskizunean.
Ondoren, Untzagatik abiatu da karroza, hotzari aurre eginez. Ane Ferrer eta Leire Kareaga Eibarko Udal Margo Eskolako irakasleak, eskolako ikasle gazteen laguntzarekin, karroza apaintzeko lanean aritu dira aurten ere; oraingoan Ekialdera begira ipini dira, arabiar dekorazioarekin janzteko. Karroza herrian zehar kalejiran joan da, Eibarko Musika Bandak, pajeek eta hartz erraldoiek lagunduta. Eta, Untzagara bueltan, udaletxe barruan hartu dituzte haurren azken orduko gutunak.
ARGAZKIAK: EIBARKO UDALA.































