Mago de Urki soinujoleari omenaldia egingo diote gaur Bergaran
Gaur gauean, 20.00etan Bergarako Santa Marina parrokian omenaldia jasoko du atzo 81 urte bete zituen Miguel Sagastume El Mago de Urki soinujoleak, Debagoieneko eta Bergarako musika ikastetxeek eta soinujoleek eskainiko dioten jardunaldi berezian: 100 bat soinujolek "Viva México" abestia joko dute aldi berean, Urki baserrian jaiotako soinujolearen omenez. Bereziki hunkigarria egingo zaio soinua joteko tradizioari eutsi dion 19 urteko bere iloba June Martinek bere lagun Joxan Goikoetxea hernaniarrekin batera eskainitakoa: "Bajo los techos de Paris", Hubert Giraud-ek idatzia eta Alfredo Gonzalez Chirlaquek moldatua. 60 urtetik gora eman ditu erromeria eta bestelakoak girotzen Sagastumek, sarritan orain urte batzuk hil zen Felix Aranzabal Angiozargo Itsua lagun zuela. Omenaldian Soraluze, Eskoriatza, Oñati, Bergara, Eibar, Elgoibar, Deba, Mendaro eta Ondarruko soinujoleek jardungo dute, Irungo kontserbatorioko taldearekin batera.