Mahai-jolasetan dagoen eskaintza zabala bertatik bertara ezagutzera animatu ziren eibartar asko

Odisea elkarteak antolatutako “Ulisesen Jokoak” jardunaldiek adin guztietako herritarrak bildu zituzten.
2024/10/23 20:43
eta kitto!

Odisea elkarteko kideak egun osoan egon ziren Errebalen, gerturatu zen jendeari era guztietako mahai-jokoetan aritzeko aukera ematen. Ekitaldira joko-eskaintza zabala eraman zuten: lagunekin batera, taldean jokatzeko modukoak, familia osoa elkarrekin ondo pasatzeko modukoak, estrategia-jokoak, misteriozkoak, irabazteko trebezia izatea eskatzen dutenak… Denetarik izan zen, baita euskarazko jokoak ere. Horrekin batera, hainbat jokoren inguruko txapelketak antolatu zituzten: ia 30 lagun aritu ziren lehia bizian Warhammer 40k izeneko jokoan. Txapelketa egun osoan jokatu zen, goizean goizetik iluntzeraino, Errebal Plazako barruko lokaletan. Eta Bloodbowl txapelketak, berriz, 40 parte-hartzaile izan zituen.